Politika -
EAJ-REN IX. BATZAR NAGUSIA
Hasi da datozen urteetako "bide-orria" zehaztuko duen EAJren batzar nagusia
"Alderdia gara" lelopean egingo dute Donostiako Atano III.a pilotalekuan jeltzaleek IX. Batzar Nagusia. Aitor Esteban EBBren presidente izendatuko dute bertan.
EITB Media
IX. Batzar Nagusia egiten ari da asteburu honetan Euzko Alderdi Jeltzalea Donostiako Atano III.a pilotalekuan. "Alderdia gara" goiburu dutela egiten ari diren ekitaldian, jeltzaleek Aitor Esteban izendatuko dute EBBren presidente berri, azken hilabeteetan bizitako berritze-prozesuari amaiera emanez.
Aste honetan utzi du Aitor Estebanek Kongresuko eserlekua, eta igandean hartuko du alderdiaren buruzagitza, Andoni Ortuzarri lekukoa hartuta. Ortuzar 12 urtez izan da alderdiaren presidente.
Barne-prozesuan, Ortuzarrek berriro hautatua izateko behar beste babes lortu zituen, baina beste hautagaitza bat zegoela ikusita, alde batera egitea erabaki zuen, barne-konfrontazioa saihesteko eta alderdiaren zuzendaritza aldatzeko.
EAJren jarduketa politikoa gidatuko duten bost txosten politikoak onartuta abiatu da Batzar Nagusia, 10:00etan. "Euskadi, nazioa Europan", "Aberri oparoa eraikitzea askeago izateko", "Mundu hobe, jasangarri eta baketsu batera irekia den nazioa", "Bere herriaren zerbitzura dagoen alderdia" eta "Erakunde demokratiko bat" dira aipatu txostenen izenak. Izaskun Bilbaok, Unai Rementeriak, Oihane Agirregoitiak, Ane Miren Atinek eta Imanol Lasak azaldu dituzte bertan bildutako militanteen aurrean.
Presidente berria eta EBBren berritzea
Igandean, berriz, EBB berria osatuko duten kideak hautatuko dituzte, 2025-2029 aldirako. Aurreikuspenen arabera, Esteban 11:30 aldera izendatuko dute alderdiko presidente.
Euzkadi Buru Batzarra (EBB) osatuko duten kideak ere hautatuko dituzte. Hauek izango dira: Manu Tejada (Abanto-Zierbenako alkate ohia), Andoni Busquet (Basauriko alkate ohia), Miren Martiarena (Eusko Jaurlaritzako Gobernu Ireki eta Onaren zuzendaria), Maitane Ipiñazar (Bizkaiko burukidea), Markel Olano (Gipuzkoako diputatu nagusi ohia), Ion Gambra (GBBko kidea), Joseba Diez Antxustegi (EAJren bozeramailea Eusko Legebiltzarrean) eta Javier Ollo (legebiltzarkide nafarra).
700 militante bildu dira Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Sinbologia berezia duen pilotalekua da; izan ere, 1970eko irailean, Joseba Elosegi militante jeltzaleak bere buruari su eman zion bertan, Francisco Francoren aurrean, Gernikako sua bere "erretzaileen begietaraino" eramateko, eta harmailetatik kantxara egin zuen jauzi, "Gora Euskadi askatuta" oihukatuz. 1976ko ekainaren 13an "Euskaldunak etorkizunera begira" lelopean egin zen mitin historikoa ere pilotaleku horretan egin zen.