Politika -
Memoria historikoa
Justiziak Erorien Haranean desobiratzeak egin ahal izateko baimena eman du berriro
Epaia ez da irmoa oraindik, baina Madrilgo Auzitegi Nagusiak exhumazioak geldiarazi zituen erkidego bereko epaitegi baten ebazpena baliogabetu berri du.
EITB Media
Justiziak Erorien Haranean (Cuelgamuros) desobiratzeak egin ahal izateko baimena eman du berriro. Epaia ez da irmoa oraindik, baina Madrilgo Auzitegi Nagusiak exhumazioak geldiarazi zituen erkidego bereko epaitegi baten ebazpena baliogabetu berri du. Azken horrek Francisco Franco Fundazioak aurkeztutako helegitea onartu zuen. Orain, ordea, Auzitegi Nagusiak Ondare Nazionalaren errekurtsoa onartu du.
Gauzak horrela, Angel Victor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak gaur adierazi duenez, desobiratzeek "aurrera jarraitzen dute", nahiz eta Madrilgo Auzitegi Nagusiak Ondare Nazionaleko eta San Lorenzo del Escorialeko (Madril) Udalaren helegite bana onartu.
X sare sozialean duen kontuan berretsi du hori, La Razon egunkariak aurreratu ostean Madrilgo Auzitegi Nagusiak aintzat hartu dituela helegite horiek, lanak aurrera eramateko beharrezkoa zen hirigintza lizentzia baliogabetu zuen epaiaren aurka.
"Madrilgo Auzitegi Nagusiak hasieratik hartu du lan horiek geldiarazten saiatu direnen aurkako erabakia: Francisco Franco Fundazioa eta eskuin muturreko erakundeak. Albiste pozgarria, biktimen senideentzat, erreparaziorako eta Memoria Demokratikorako", idatzi du Torresek.
Madrilgo epaitegi batek bertan behera utzi zuen irailean San Lorenzo del Escorialeko (Madril) Udalak hartutako erabakia, Erorien Haraneko Basilikan (orain, Cuelgamuros) desobiratzeak egiteko behar ziren lanetarako hirigintza-lizentzia ematekoa.
Madrilgo Administrazioarekiko Auzietarako 10. epaitegiak bertan behera utzi zuen Udalaren erabaki hori, helegitea jarri zutenek eskatzen zuten bezala, tartean Francisco Franco Fundazioak eta Reconciliación y Verdad Historica elkarteak.
Epaitegi horrek berak 2021eko azaroan utzi zuen lizentzia bertan behera, kautelazko neurri gisa, eta Madrilgo Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen erabaki hori, martxoan Auzitegi Gorenak berretsi zuen ebazpena.
Joan den udan hasi ziren Cuelgamuros haraneko 128 biktima hobitik ateratzeko lanak.