Politika -

EUSKARA

Bizkaiko Aldundiak atzeratu egin du zenbait plazatan euskara eskakizuna ezartzea, epaia irmoa izan arte

Izagirrek adierazi du erabaki "puntual eta behin-behinekoa" dela, epai irmoa izan arte; EH Bilduk, ordea, ohartarazi du ondorio "konponezinak" ekarriko dituela.

Bizkaiko Foru Aldundia. Argazkia: Gonzalo Elorza.
Bizkaiko Foru Aldundia. Argazkia: Gonzalo Elorza.

Bizkaiko Foru Aldundia. Argazkia: Gonzalo Elorza.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki du lanpostu publiko batzuetan hizkuntza-eskakizunak oraingoz ez ezartzea, neurri "puntual eta behin-behineko" gisa, inpugnatutako prozesuetan aurkeztutako helegiteak ebatzi eta epai irmoa izan arte.

Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak azaldu duenez, helburua da hautaketa-prozesuetan segurtasun juridikoa bermatzea, epe luzeko hizkuntza-politika aldatu gabe.

EH Bilduk erabakia kritikatu du, eta Rakel Goñi alderdi horren ordezkariak "onartezintzat" jo du; izan ere, euskararen normalizazioari ekar liezazkiokeen ondorio "atzeraezinez" ohartarazi du.

Goñiren arabera, zenbait plazatan euskararen derrigortasuna atzeratzeak aukera eman lezake funtzionarioek euren karreran zehar ezagutza hori egiaztatu beharrik gabe lanpostuetara sartzeko, eta horrek galarazi lezake zerbitzua bi hizkuntza ofizialetan ematen dela bermatzea.

Izagirrek esan du neurriak plaza kopuru txiki bati eragingo diola,  eta azpimarratu du ez dakarrela euskarari bazter egitea, aldi baterako doikuntza bat da eta, auziak ebatzi bitartean. Aldundiak azpimaratu du zerbitzuak bi hizkuntzetan ematea bermatzen jarraituko duela, eta adierazi du funtzionario hasiberrien hizkuntza-gaitasuna indartzeko barne mekanismoak jarriko dituela martxan.

Azkenik, Bizkaiko diputatuak erabakiak presaz hartzea saihestea eskatu du, eta ebazpen judizialaren zain egotearen alde egin du, araudian aldaketak egin aurretik. Aldundiak euskararekin duen konpromisoa berretsi du, eta aurreratu du, epaiak aldekoak ez badira, bide legezko bideak bilatuko dituztela administrazioan euskararen erabilera bultzatzen jarraitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika Eguneko albisteak Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia