Politika -

SEGURTASUNA

Zupiria: "Europa mailan ulertu eta onartu behar da hornigaiak pilatzeko EBk egindako eskaria"

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, besteak beste, balizko gerra edo klima larrialdi bati aurre egiteko, EBk prestatu duen estrategia izan du hizpide. Bere hitzetan, "Europa bere osotasunean hartu behar da kontuan" gaia ulertzeko.

Bingen Zupiria, gaur, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB Media
Bingen Zupiria, gaur, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB Media

Zupiria: ''Europa mailan ulertu eta onartu behar da hornigaiak pilatzeko EBk egindako eskaria''

1:10

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ez zaio berria egin etxean hornigaiak pilatzeko Europar Batasunak egindako eskaria Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari. Gogorarazi du neurri "oso ohikoa" dela Suedia, Norvegia edota Finlandian, han "segurtasuna eta beldurra" beste modu batera bizi dituztelako. "Errusia mugakide izateak eragina" du horretan, eta "neurri bereziak aspalditik" dituzte ezarrita.

__________________________________________

Entzun elkarrizketa osoa, Guau plataforman

__________________________________________

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan mintzatu da gaiaz Zupiria, eta azpimarratu du aipatutako herrialdeotan "hezkuntzan ere ikastaroak" ematen dituztela, etor litekeen gerra edo klima hondamendien aurrean nola jokatu erakusteko. "Finlandiak bereziki sustatzen ditu neurri horek, batez ere, hondamendi naturalen beldur delako", erantsi du.

Hori horrela, "Europa mailan onartu eta ulertu behar den kontua" da, sailburuaren esanetan, EBk prestatu duen segurtasun estrategia. Azaldu du, "Europan bizi diren agertokiak aintzat" hartzea ezinbestekoa dela, eta hornigaiak pilatzeko eskaria testuinguru horretan kokatu. "Gu Europaren muturrean bizi gara, eta europar bezala aintzat hartu behar dira Europan bizi diren agertoki ezberdinak. AEBk kinkan jarri gaituen honetan, beharrezkoa da europar guztiok batera jokatzea". 

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak Rosa Zarra biktima gisa aitortu dutela eta, erabakia "onartzen" duela eta "esan beharrekoa familiari gutun bidez" helarazi diola azaldu du. "Ez daukat gaiari buruz ezer gehiago esateko. Batzordeak hori erabaki du eta onartzen dut. Ezin ditugu eztabaidak luzatu".

Nolanahi ere, hitzok esanda, gogora ekarri du Zarrak Ertzaintzaren pilotakada jaso zuen urtean (1995) Euskal Herrian bizi zen "indarkeria giroa", eta, besteak beste, "Gregorio Ordoñezen hilketa, Lasa eta Zabalaren kasua, Aldaiaren bahiketa edota Jauregiren Legebiltzarreko eserlekura karea bota zutenekoa" aipatu ditu. Segurtasun sailburu bezala, "defendatzen dut kasu gehienetan Ertzaintzaren jokaera neurrikoa eta profesionala izan zela".

Azkenik, EAJk asteburuan egingo duen IX. Batzar Nagusiaz galdetuta, aitortu du EBB berritzeko prozesuan "ustekabeko gauza asko" gertatu direla, eta "azkeneko agertokia ere" hala dela. Zentzu horretan, alderdiaren "batasuna" zaintzea eta "elkarrekin hitz egitea" jarri ditu erdigunean, "gizarteak sentitu eta lehenetsi dezan EAJren aukera beste batzuen aurretik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Europar Batasuna Eusko Jaurlaritza albisteak Europako herrialdei buruzko albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Euskadi Irratia