Politika -

Diputatuen Kongresua

Defentsan gastua igotzeko beharraz arituko da Sanchez Kongresuan, bazkideak kontra dituela

Gaur goizeko 09:00etan hasiko den plenoan, oposizioko lider Nuñez Feijook Gobernuaren "zatiketa" salatuko du, erabaki oro Kongresura eraman dezatela aldarrikatuko du eta zenbat gastatuko den zehazteko eskatuko du.

Pedro Sanchez Kongresuan. Artxiboko irudia: EITB.
Pedro Sanchez Kongresuan. Artxiboko irudia: EITB.

Pedro Sanchez Kongresuan. Artxiboko irudia: EITB.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egingo du gaur, asteazkena, Diputatuen Kongresuan, Europaren berrarmatzea dela eta Gobernuak duen jarrera azaltzeko eta defentsa gaietan egin beharreko gastua handitzeko beharra defendatzeko. Sumar, gobernu-koalizioko kidea, eta inbestidura ahalbidetu zuten hainbat alderdi politiko kontran izango ditu presidenteak gai horretan.

Presidenteak argi utzi du segurtasunean egindako inbertsioa handitzeko asmoa duela, eta NATOrekin adostutako helburua aurreikusitakoa baino lehen lortu nahi duela, hau da, 2029 baino lehen BPGaren % 2ra iritsi nahi duela. Hala ere, oraindik ez dago argi nola egin nahi duen, zein epetan, ezta nola jokatuko duen Gorteetan hori guztia aurrera ateratzeko laguntzarik lortzen ez badu.

Gobernuko iturriek aditzera eman dutenez, 2025ean aurrekontu berririk egongo ez balitz, Ganberaren oniritzirik behar izan gabe handitu ahalko luke Gobernuak defentsako gastua. Gastatu ez diren aurrekontu-partidak erabiltzea da asmoa, eta NATOren eta EBren eskakizunak betetzeko balio duten gaietara diru hori berresleitzea.

Bazkideen arteko aldeak gorabehera, Moncloan uste dute gehiengoa bat datorrela oinarriarekin, eta aurreratu dute Sanchezek diskurtso pedagogiko bat egingo duela Kongresuan Europaren egoera azaltzeko, baina belizismotik urrun eta segurtasunaren kontzeptua modu zabalean ulertuta. Bere asmoa da gastu militarraz ez ezik, segurtasuna indartzeaz ere hitz egitea. Era berean, zibersegurtasuna, mugen segurtasuna eta klima-aldaketaren aurkako borroka ere aipatuko ditu.

Gobernukide duen alderdia, Sumar, kontran izango du oraingo honetan. Joan den astean, Europako Batzordeak proposatutako berrarmatze planaren gastu militarra handitzearen aurka bozkatu zuen Sumarrek, eta Espainia NATOtik ateratzea babestu zuen. Bestalde, ERC, EH Bildu eta Podemos alderdiek ere argi utzi dute kontrako iritzia dutela.

Oposizioko liderrak, Alderdi Popularreko Alberto Nuñez Feijook, Gobernuaren "zatiketa" salatzeko probestuko du asteazkeneko plenoa. "Gobernuaren zati batek NATO utzi nahi badu, nola konprometituko den" argitu dezala eskatuko dio Sanchezi.

Halaber, defentsaren arloko edozein erabaki Kongresuko Osoko Bilkurara eramatea eskatuko dio; izan ere, PPren ustez, "aurrekontu-garbiketa" posibleek "lege-iruzurra" ezkutatu dezakete. Hain zuzen ere, PPk ez du baztertu auzitara jotzea, bide horretatik joan eta Kongresuaren baimenik gabe erabakiak hartzen badira. Alderdiko iturrien arabera, Feijook erantzun zehatzak eskatuko ditu: "Defentsan zenbat diru inbertitzeko asmoa duen, zein den epea, zenbat gastatuko duen urtez urte eta nondik aterako den diru hori".

Bestalde, PPren buruak "formalki" eskatu du Estatuko Aurrekontu Orokorrak aurkezteko eta Estatuaren egoerari buruzko eztabaida deitzeko (azkena 2022ko uztailean izan zen). PPk asteartean gogorarazi zuenez, Espainiako gobernuburuak "agindu konstituzionala" du aurrekontuen proiektua Kongresuan aurkezteko, eta ez dute baztertzen Justiziaren aurrean helegitea aurkeztea, hala egiten ez badu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE PP Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Sumar Mugimendua