Politika -
EAJ-REN IX. BATZAR NAGUSIA
EAJ "lidergoari eusteko bokazioarekin" iritsiko da bere IX. Batzar Nagusira
Donostiako Atano III. frontoia aukeratu dute jeltzaleek hitzordurako. Larunbatean eta igandean egingo duten biltzarrean, besteak beste, datozen urteotarako bide-orria zehaztuko dute.
EITB MEDIA
"Herri honetako lider politikoa izanik, eta hurrengo ziklo politikoan lidergo horri eusten jarraitzeko borondate argiarekin". Helburu horrekin iritsiko da EAJ bere IX. Biltzar Nagusira datorren asteburuan. Horretarako, "ideario politikoa eguneratu" eta "datozen urteotarako ibilbide-orria" ezartzeaz gain, Euskadi Buru Batzarra berrituko dute: Aitor Estebanek hartuko du Andoni Ortuzarren lekukoa, alderdiaren presidentetzan.
'Alderdia Gara' goiburupean egingo dute batzar orokorra jeltzaleek, Donostiako Atano III. frontoian. Goizean Bilbon egindako prentsaurrekoan eman dituzte hitzorduari buruzko xehetasunak, Mireia Zarate EBBren idazkari nagusiak eta Arantza Kortabitarte EAJren Aberri Batzarraren presidenteak.
Eztabaidatuko diren bost ponentzia politikoen onespenarekin abiatuko da larunbatean Batzar Nagusia, goizeko 10:00etan: 'Euskadi, nazio Europan'; 'Aberri oparoa eraikitzea askeago izateko'; 'Mundu hobe, jasangarri eta baketsu batera irekia den nazioa'; 'Bere herriaren zerbitzura dagoen alderdia'; eta 'Erakunde demokratiko bat' dira txostenen izenak. Behin testu definitiboak adostuta, Izaskun Bilbaok, Unai Rementeriak, Oihane Agirregoitiak, Ane Miren Atinek eta Imanol Lasak azalduko dituzte ponentziak bertaratuko diren militanteen aurrean.
Igandean, berriz, EBB berria osatuko duten kideak hautatuko dituzte, 2025-2029 aldirako. Aurreikuspenen arabera, Esteban 11:30 aldera izendatuko dute alderdiko presidentea, eta ondoren hitzaldia egingo du. Karguari agur esango dion Ortuzarrek ere hitza hartzea espero da.
Gaurko agerraldian, Zaratek bereziki nabarmendu du batzarrerako Atano III. frontoia aukeratu izana, duen esanahi "politiko eta emozionalagatik", eta militantzia parte hartzera deitu du.
Barne-eztabaida, AHTa dela eta
Abiadura Handiko Trenaren gaineko eztabaidak ere emango du zeresana jeltzaleen biltzarrean. 'Aberri oparoa eraikitzea askeago izateko' ponentzian gaia landuko da eta jeltzaleen jarrera zehaztuko da. Gipuzkoako eta Arabako zuzendaritzek zuzenketa bana aurkeztuta zuten, hurrenez hurren, Ezkioko eta Gasteizko lotuneak defendatuz. Baina, azkenean, erdibideko zuzenketa bat adostu dute, eta horixe izango dute eztabaidagai larunbatean.
EITB Mediak baieztatu duenez, azken testu horretan bi aukerak kontuan hartzea, eta azpiegituraren funtzionalitatea, sarerean baliabideak, denborak, kostuak edota ingurugiro irizpideak kontuan hartzea eskatzen da.
Gaiari buruz galdetuta, Zaratek esan du gaia asteburuan landuko dela, eta, behin testua adostutakoan, Rementeriak emango dituela azalpenak, bera baita ponentzia horren arduraduna.
"Irizpide tekniko objektiboak"
Gasteizen egindako prentsaurreko batean, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiari ere galdetu diote gaiari buruz. Bere hitzetan, "irizpide tekniko objektiboei" erreparatuta hartuko du erabakia EAJk. "Ez dut zalantzarik horretan".
Joan den astean, Eneko Goia Donostiako alkateak "jarrera berekoia" izatea egotzi zion Gonzalezi, AHTa dela eta "herri ikuspegirik" ez zuela eta.