Politika -
KONPETENTZIA
Trafikoaren eskumena Nafarroara eskualdatzea sinatu dute Foru Gobernuak eta Espainiako Gobernuak
Datorren urteko uztailaren 1etik aurrera, Nafarroak izapidetu eta bilduko ditu Foru Komunitateko isunak. Foruzaingoak bere gain hartuko du trafikoaren kudeaketa osoa, eta Guardia Zibilak, berriz, zaintza-, kontrol- eta koordinazio-lanak baino ez ditu egingo.
EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak eta Nafarroako Gobernuak trafikoaren eskumena Nafarroari transferitzea sinatu dute, horrela, 2026ko uztailaren 1etik aurrera Foruzaingoak bere gain hartuko du trafikoaren kudeaketa osoa.
Hala iragarri dute Angel Victor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak eta Felix Taberna Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordeak Nafarroako Transferentzien Batzordearen bilera amaitu berritan.
Torres ministroaren esanetan, Nafarroaren "eskaera historiko" bati erantzuna eman zaio, diktadura frankistak indarrez kendu zion eskumena itzultzea ekarri duelako.
Bestalde, Nafarroako presidenteordeak eskumena "osorik eta indartuta" berreskuratzearen garrantzia nabarmendu du. Orain, Ministroen Kontseiluak dekretua onartu beharko du, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik.
Orain hiru urteko trantsizioa hasiko da, eskumena guztiz transferitu arte. Hala ere, datorren urteko uztailaren 1etik aurrera, Nafarroak izapidetu eta bilduko ditu Foru Komunitatean ezarritako isunak. Foruzaingoak bere gain hartuko du trafikoaren kudeaketa osoa, eta Guardia Zibilak, berriz, zaintza-, kontrol- eta koordinazio-lanak baino ez ditu egingo.