Politika -

Poliziaren indarkeria

Pasaiako segadan eraildakoak eta Rosa Zarra biktima gisa aitortzen dituzten txostenak jaso dituzte senideek

Justizia sailburu Maria Jesus San Josek ekitaldi pribatu banatan entregatu dizkie txostenak.

Pasaiako segadan eraildakoen eta Rosa Zarraren senideak. Irudia: EITB
Pasaiako segadan eraildakoen eta Rosa Zarraren senideak. Irudia: EITB

Rosa Zarraren eta Pasaiako segadan eraildakoen senitartekoek jaso dituzte aitortza ofizialak

1:46

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela 41 urte Pasaiako segadan eraildako lau lagunen familiek eta duela 30 urte Ertzaintzaren pilotakadaz hil zen Rosa Zarraren familiak Eusko Jaurlaritzaren txostenak jaso dituzte, eta poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortza ofiziala dute. Justizia sailburu Maria Jesus San Josek ekitaldi pribatu banatan entregatu dizkie txostenak.

Horrela, Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Rafael Delas eta Jose Mari Izura Komando Autonomo Antikapitalisten kideak motibazio politikoko indarkeriaren biktima gisa aitortu dituzte, 41 urte geroago. Gazteak tiroz hil zituen Espainiako Poliziak 1984ko martxoaren 22an, Pasaian (Gipuzkoa).

Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak egin duen txostenak honako hau jasotzen du: "autopsiak, lau gazteek armak erabili zituztela ebazteko frogarik eza, kontakizun ofizialean dauden kontraesan nabarmenak eta horiek objektiboki zalantzan jartzen dituzten lekukotzak eta datu periferikoak, eta Poliziaren agintariek gertakarietan agindu eta/edo materialki parte hartzeko ardura duten agenteak nor diren azaltzeari eta prozesuan eskatutako informazioak atzeratzeko, oztopatzeko eta ezkutatzeko behin eta berriz egin dituzten maniobrak, faktore horiek guztiek judizioz kanpoko exekuzio baten eta polizia-operazio baten alde egiten dute".

Aitortzaren txostena jaso ondoren, Pello Aizpuruk, Dionisio Aizpururen anaiak, "berandu, oso berandu" iritsi dela kritikatu du. "Gure gurasoek ez dute bizi izan, eta merezi zuten", deitoratu du. Azpimarratu duenez, "azken urteetako prozesua oso mingarria izan da". Zentzu horretan, erakundeei "ikas" dezatela eskatu die, "guri eman diguten tratu mingarri hau ez diezaiotela eman gure atzetik etorriko diren gainerako Estatuaren biktimei". "Duintasuna eta errespetua" aldarrikatu ditu.

Rosa Zarraren kasuan, 30 urte bete dira Ertzaintzak Amara Berrin jaurtitako gomazko pilota batek giltzurrunetan egindako kaltearen ondorioz Donostia Ospitalean hil zenetik. 58 urte zituen, eta zortzi egun eman zituen ospitalean, 1995eko ekainean.

Garai hartan Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu zenak, Juan Maria Atutxak, adierazi zuen aurretik zeukan gaixotasun batengatik zendu zela, alegia, jasotako pilotakadak ez zuela Zarraren heriotzan zerikusirik izan.

Orduko bertsio ofiziala gezurtatuta, Eusko Jaurlaritzako Biktimen Balorazio Batzordeak ebatzi du pilotakadaren ondorioz hil egin zela. Sei metroko distantziatik bota zuen Ertzaintzak pilota, eta sabelean jo zuen.

Idoia Irazusta Rosa Zarraren alabak sailburuekin izandako bilera "lasaigarria" izan dela esan du. "Urte hauetan guztietan nola bizi izan dugun, nola sufritu dugun eta nola sentitu dugun amaren heriotzaren inguruan asmatu diren gezurrak eta diskurtsoak eragindako mina azaldu diogu", nabarmendu du. Aitortza "berandu" heldu dela kritikatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Pasaia Albisteak Bakea Euskadin Memoria Historikoa Giza eskubideak Polizia abusuen biktimak