Politika -

UNITATE BERRIA

Jaurlaritzak sei milioi euro inbertitu ditu Santa Marina erietxeko Zainketa Aringarrien Unitatea berritzeko

Unitate berrituak 1.600 metro koadro inguru hartzen ditu eta banako 30 gela ditu, 20 eta 30 metro koadro arteko azalerarakoak.

Santa Marina unitate berrituaren inaugurazioa. Argazkia: EFE
Santa Marina unitate berrituaren inaugurazioa. Argazkia: EFE

Santa Marina unitate berrituaren inaugurazioa. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Santa Marina erietxeko Zainketa Aringarrien Unitate berritua inauguratu du Eusko Jaurlaritzak. Sei milioi eurotik gorako inbertsioa behar izan duen unitate berritua ospitaleko hirugarren solairuan dago, 1.600 metro koadro inguru hartzen ditu eta banako 30 gela ditu, 20 eta 30 metro koadro arteko azalerakoak.

Santa Marina erietxeko unitate berria gaitz kronikoei, adinekoei eta zainketa aringarriei dagokienez erreferentziazko zentro bihurtzeko sortu da.

Bere hitzaldian, Pradalesek eskerrak eman dizkie osasungintzako profesionalei Bilboko erietxeko Zainketa Aringarrien Unitatean bizitzaren amaiera duina izan dadin errazteko egindako lanagatik.

"Zainketa aringarriak zerbitzu mediko batetik haratago doaz, pertsonentzat oso zailak eta hauskorrak diren uneetan laguntzea, entzutea, arintzea eta kontsolamendua ematea ere direlako. Horregatik, eremu publikotik dugun konpromisoa eta erantzukizuna bakarrik utziko ez gaituen zainketa sistema bat eta medikuntza gizatiarragoa eskaintzea da", esan du.

Inauguratu den unitateak "giza baliabiderik zein baliabide materialik onenak" dituela azpimarratu du, eta "humanizazioa eta enpatia" direla zerbitzu osoaren oinarria. "Ezinbesteko eta batzuetan gutxi aintzatetsitako lan honetan, profesionalek funtsezko zeregina duzue. Egun ilunetan argia ematen duen faroa zaretelako", gaineratu du.

Santa Marina erietxeko Zainketa Aringarrien Unitatearen eraberritze integralak asko hobetuko du urtean 600 paziente ingururen intimitatea eta laguntza, pazienteei, familiei eta osasun-langileei ingurune atsegin eta seguruagoa eskainiz. Halaber, baliabideen erabilera optimizatuko da, oheak ahalik eta era eraginkorrenean kudeatuta.

Hobekuntza bat dator Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 2023-2027 aldirako Euskadiko Zainketa Aringarrien Planarekin, bizitzaren etapa guztietan arreta pertsonalizatua eta duina eman nahi baitu.

Santa Marina Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateak arreta integrala eta pertsonalizatua emango du, eta, pazienteen premia fisikoei ez ezik, alderdi emozionalei, sozialei eta espiritualei ere erreparatuko die.

Unitate berriak abangoardiako instalazioak ditu, eta berrikuntzak gehitu ditu pazientearen arretan, besteak beste, 'Azken egunetan laguntzeko gida' argitaratuz; baliabide baliotsua da senideentzat eta laguntzaileentzat, eta une zailetan babesa eman nahi du, prozesuan zehar informazioa, lasaitasuna eta laguntza emanez.

Era berean, REVIPAL azterketa jarri da abian, Biobizkaia Osasun Ikerketako Institutuarekin lankidetzan. Bertan, zainketa aringarrietan pazienteen ongizatea hobetzeko metodo terapeutiko gisa errealitate birtuala erabiltzeko modua ikertzen da.

Azterketak errealitate birtualeko tresna baten eraginkortasuna ebaluatzen du, esperientzia murgiltzaileak eskaintzeko diseinatua, erabiltzailea erlaxatu dadin, eta gogo aldartea hobetzeko helburuarekin.

Errealitate birtuala testuinguru horretan erabiltzea etorkizun handiko estrategia da antsietate, depresio eta ondoez emozionalaren sintomak arintzeko, pazienteei beren ospitale ingurunetik ihes egiteko aukera ematen baitie, zentzumen esperientzien bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Azken ordukoa Imanol Pradales