Politika -
SUBIRANOTASUNA
Euskal Herriko 101 herritan independentziaren aldeko mozioak aurkeztu ditu herri-mugimendu batek
Durangon etzi eztabaidatuko dute, eta Gasteizen, apirilaren 16an. Ehun izeneko mugimendu independentistaren ekimena da, iazko maiatzean Plentziako Udalak onartutako mozioa aurkeztu zuenarena. Mugimendua bertan behera utzi dute, baina horren aurretik, aldarria beste herri batzuetara ireki nahi dute.
EITB Media
Ehun Euskal Errepublikaren aldeko herri mugimenduak mozio independentistak aurkeztu ditu Euskal Herriko 101 herritan, Euskal Errepublikaren aldeko prozesuan "urratsak emateko garaia" dela sinistuta eta udalak "herritarrengandik gertuen dauden erakundeak" direla kontuan hartuta. Durangon (Bizkaia) asteazkenean eztabaidatuko dute ekimena, eta Gasteizen, apirilaren 16an. Gerora etorriko dira, izapidera onartuz gero, gainerako sei hiriburuetako mozioak, eta Bizkaiko (22), Arabako (13), Gipuzkoako (36), Nafarroako (19) eta Ipar Euskal Herriko (2) zenbait herritakoak ere.
Gogora ekarri behar da Ehun mugimenduak tankerako mozio bat aurkeztu zuela iazko maiatzean Plentziako (Bizkaia ) Udalean, eta EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren eta talde independentearen abstentzioarekin onartu zela. Lurralde osoan bere burua "Euskal Errepublikaren parte" izendatu zuen lehena izan zen Plentzia.
Orduko hartan, ekimena beste herri batzuetara zabaltzeko asmoa iragarri zuen Ehunek, baina gaur, ohar bidez azaldu duenez, saiatu den arren, "elite independentistaren ezezkoak" lana "izugarri zaildu" die, eta ezin izan dute asmoa burutu. Hori horrela, mugimendua bertan behera uztea erabaki dute, baina horren aurretik mozioak erregistratu dituzte, eta herritarrei laguntza eskatu.
Aurkeztutako mozioek hiru puntu dituzte. Testuan nabarmentzen da "Euskal Errepublika herritar guztion ongizaterako derrigorrezko erreminta" dela eta ohartarazi, "Espainiako eta Frantziako Estatuen parte garen bitartean" ezin izango dela "herritar guztien aldeko legedirik aurrera atera". Azkenik, Udalak "bere burua Euskal Errepublikaren parte dela deklaratzea" babesten da.
Ehuneko kideak Durangoko Udalaren bilkuran izango dira etzi, ekimenaren ideia nagusiak azaltzeko.