Politika -
Homologazioa
Martinez: "Medikuntzako tituluak homologatu behar ditugu, Osakidetzak ezin duelako gehiago itxaron"
Igande honetan argitaratutako ohar batean Alberto Martinez sailburuak esan duenez, "gurpilean makila" sartzearen parekoa da Gorenaren erabakia, eta gaur egun eskumen hori bere gain duen Osasun Ministerioari dei egin dio arlo horretan "erantzukizunez jokatu" eta "erreakzionatu" dezan.
Agentziak | EITB Media
Alberto Martinez Osasun sailburuak igande honetan adierazi duenez, atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzeko gaitasuna Euskadira eskualdatzeko aukerari ateak ixteak "ondorio kezkagarriak" ditu Osakidetzarentzat, eta Osasun Ministerioari arlo horretan esku hartzeko eskatu dio, osasun-sistemak "ezin duelako gehiago itxaron".
Osasun Sailak zabaldutako oharrean, Martinezek Auzitegi Gorenaren epaia kritikatu du, transferentzia hori baliogabetzeagatik, eta ohartarazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko aldebiko akordio politikoa "zapuzteaz" gain, "albiste txarra" da Euskadiko osasun sistemarentzat, ondorio "kezkagarriak" baitakartza.
Sailburuaren hitzetan, Osasun Saila Osakidetzan profesional berriak sartzeko egiten ari den lanaren "gurpilean makilak" sartzea da; izan ere, atzerriko tituluak homologatzea "profesional sanitarioen gabezian lagun dezakeen aukeretako bat da".
Eskumen hori Euskadira eskualdatzearen aukera "lurrundu" egin dela azpimarratu du Martinezek, eta prozesu horrek izan dezakeen ibilbide judiziala dena-delakoa izanda ere, "argi dago gaur egun eskumen hori bere gain duenak, hau da, Osasun Ministerioak, erreakzionatu egin behar duela", erantsi du.
Horren arabera, gai hau "Estatu mailako arazo larria" da, eta salbuespenezko neurri eraginkorrak behar ditu.
"Atzerriko tituluen homologazioarekin egiten ari ginen urratsari zangotraba egin diote, baina ez da horregatik gelditu behar. Ezin da aitzakia izan. Gaur egun, erantzukizun horrek, gradu-tituluak eta espezialitate-tituluak homologatzeak, badu erantzule bat, eta transferentzia bere berme juridikoekin gauzatzen ez den bitartean, Ministerioak erantzun egin behar du", azpimarratu du.
Gainera, medikuen falta arintzeko Ministerioari proposatu dizkion beste neurri batzuk gogorarazi ditu, hala nola borondatezko erretiro-adina 72 urtera luzatzea familia-medikuntzarako, edo prestakuntza espezializatuko plazak handitzea.