Politika -
Nafarroako sozialistak
PSNk "gehiengo sozial aurrerakoia gidatzeko apustua" berretsiko du bere 13. Kongresuan
Maria Chivite aukeratuko dute, berriz ere, idazkari nagusi. Pedro Sanchez gaur arratsaldean izango da Iruñean, biltzarrari amaiera emateko.
EITB media
PSN 13. Kongresua egiten ari da asteburu honetan Iruñean. Aurreikuspenen arabera, 1.200 pertsona inguru bildu dira bertan, PSNren hitzetan, "Nafarroako gehiengo sozial aurrerakoia gidatzeko apustua" berresteko, eta militanteek Chivite babestuko dute, karguan denbora gehien eman duen idazkari nagusia.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente eta PSOEko idazkari nagusiak ere babestuko du Maria Chivite, gaur arratsaldean kongresua ixteko egingo den itxiera ekitaldian.
Biltzarra ostiralean hasi zen, Chivitek moderatutako "Etorkizuna klabe feministan" mahai-inguruarekin. Bertan, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak eta Elma Saiz eta Pilar Alegria ministroek hartu zuten parte.
Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak, Oscar Lopez Eraldaketa Digitaleko ministroak eta Adrian Barbon Asturiasko presidenteak ere parte hartu dute bertan.
Aurreikuspenen arabera, Sanchezek batasunera deituko du PSOEk boterea berreskura dezan 2023ko hauteskundeen ostean gobernatzeari utzi zion lurraldeetan. Era berean, Espainiako gobernuburuak Ukrainaren defentsa eta EBk herrialde horretan bakea bilatzeko izan behar duen protagonismoa aldarrikatuko ditu.