Politika -
Autogobernua
Gorenak baliogabetu egin du Atzerriko tituluen homologazioa EAEra eskualdatzea
Gorenaren arabera, "366/2024 Errege Dekretuaren eta bertan jasotako akordioaren arabera, ezin zaizkie eginkizunak eta zerbitzuak autonomia-erkidegoei eskualdatu". Eusko Jaurlaritza Konstituzio Auzitegira jotzea aztertzen ari da.
Agentziak | EITB Media
Auzitegi Gorenak erabat baliogabetu du atzerriko goi-mailako hezkuntzaren esparruan lortutako tituluak Espainiako unibertitsate-titulu ofizialekin homologatzeko eta tituluen baliokidetasuna deklaratzeko funtzioak eta zerbitzuak EAEko administrazioaren esku uzten zituen Errege Dekretua.
Bi epaitan, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salako Laugarren Sekzioak ondorioztatu du Konstituzio Auzitegiarentzat "unibertsitate-irakaskuntzei lotutako lanbide-tituluak emateko baldintzak egiaztatzeko administrazio-jarduerak Estatuaren eskumen esklusiboa badira, arrazoi berberengatik (...) [Estatuaren eskumena] izan behar du atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzearen egokitasuna egiaztatzen duena, horiek lortzeko egin diren ikasketak egiaztatu behar baitira".
2024ko uztailean Auzitegi Gorenak atzerriko tituluak homologatzeko funtzioak Euskadira eskualdatzea kautelaz etetea agindu zuenean, Eusko Jaurlaritzak aldarrikatu zuen Estatutuan jasotako eskumena zela, eta euskal erakundeek legez bereganatu zutela.
Epailea zalantza batetik abiatu da ebazpen horretara iristeko: hain zuzen ere, errege dekretu inpugnatuak jasotzen duen akordioa EAEko hezkuntzako funtzio eta zerbitzuen hedapena den, ala, aldiz, Estatututik kanpoko eskualdatzea ote den, erkidegoari ez dagokion eskumen batena, Konstituzioaren kontrakoa litzatekeelako.
Hori argitzeko, Konstituzio Auztegiaren doktrinara jo du (abokatu eta prokuradoreen lanbideei buruzko prozesuko sententzia bat aipatuz), Estatuak tituluak ematearen arloan duen eskumenari buruzko batera. Doktrina horren arabera, Estatuari dagozkio, bai erregulazioa, baita alderdi betearazleak ere, hala nola tituluak lortzeko behar den prestakuntzaren eskakizun-mailak egiaztatzeari buruzkoak.
Gaineratu duenez, "Konstituzioaren 149.1 30. artikuluaren arabera, ez dago arrazoirik ulertzeko ez denik Estatuarena abokatu eta prokuradore lanbideetan aritzeko gaitzen duten tituluak lortzeko ikasketak egiaztatzeko administrazio-eskumena, eta, horrenbestez, baita tituludun lanbideetan aritzeko gaitzen duten atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzea bidezkoa den egiaztatzeko eskumena ere".
Horrek esan nahi du, Gorenaren arabera, eskumena, betearazlea izan arren, Estatuarena dela. Horrenbestez, honako hau adierazi du: "366/2024 Errege Dekretuaren eta bertan jasotako akordioaren arabera, ezin zaizkie eginkizunak eta zerbitzuak autonomia-erkidegoei eskualdatu".
Eusko Jaurlaritza Konstituzio Auzitegira jotzea aztertzen ari da
Eusko Jaurlaritzak "onartezintzat" jo du atzerriko unibertsitate-tituluak homologatzeko gaitasuna Euskadira transferitzea baliogabetu duen Auzitegi Gorenaren epaia, eta Konstituzio Auzitegian helegitea jartzea aztertzen ari da dagoeneko.
"Auzitegi Gorenaren epai honek aldebiko akordio politiko bat deuseztu nahi du, eta hori euskal autogobernuaren kontrako erasoa da, milaka euskal herritarren beharrei erantzuteko funtsezkoa den akordioa baita", erantsi du.
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Autogobernu sailburuaren iritziz, "eraso larria da, ez bakarrik arlo politikoan eskua sartzen duelako, baizik eta gure eskumenak Gernikako Estatutuan jasota daudelako, eta horren kontrako erasoa ere badelako".
Ondorio politikoez gain, ondorio profesionalak ere badituela ohartarazi dute, Euskadin osasun arloan edo beste arlo batzuetan behar diren profesioanal asko "kanpoan geratuko direlako".
Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez azaldu duenez, Gorenaren epai horrek "Espainiako Gobernuari ere eragiten dio", eta horri eskatu dio "premiaz egin ditzala ebazpena atzera botatzeko behar diren aldaketa juridiko guztiak, horrelakorik ez dadin berriro gertatu".
"Zenbait auzitegik beren eskumenekoak ez diren esparruak epaitzea eragozteko aldaketak" dira eskatu dituenak; izan ere, "instantzia judizialek uste dute pertsonek eskubideak dituztela soilik gutxi batzuen eskuetan dagoen botere zentral batek kudeatzen baditu", gaineratu dute Lehendakaritzako iturriek.