Politika -
Aitortza
Rosa Zarra Ertzaintzak jaurtitako pilota batek hil zuela onartu du Jaurlaritzako Balorazio Batzordeak
Garai hartan (1995) Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu zenak, Juan Maria Atutxak, adierazi zuen aurretik zeukan gaixotasun batengatik hil zela, alegia, ez zuela jasotako pilotakadak Zarraren heriotzan zerikusirik izan.
EITB MEDIA
30 urte bete dira Ertzaintzak Amara Berrin jaurtitako gomazko pilota batek giltzurrunetan egindako kaltearen ondorioz Rosa Zarra Donostia Ospitalean hil zenetik. 58 urte zituen, eta zortzi egun eman zituen ospitalean, 1995eko ekainean.
Garai hartan Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu zenak, Juan Maria Atutxak, adierazi zuen aurretik zeukan gaixotasun batengatik zendu zela, alegia, ez zuela jasotako pilotakadak Zarraren heriotzan zerikusirik izan.
Orduko bertsio ofiziala gezurtatuta, Eusko Jaurlaritzako Biktimen Balorazio Batzordeak ebatzi du pilotakadaren ondorioz hil zela, Euskadi Irratiak baieztatu duenez. Hain zuzen ere, horixe da iragan astean Rosa Zarraren familiari Balorazio Batzordeak aitortutakoa. Sei metroko distantziatik bota zuen Ertzaintzak pilota, eta sabelean jo zion.
Horri buruz jarduteko, Zarraren iloba Dani Goñi elkarrizketatu dute goizean "Faktoria" saioan. Bertan esan du oraindik ez dutela Balorazio Batzordearen txostena jaso, eta, horrenbestez, ez dakitela zehatz-mehatz zer zehazten duen ebazpenak, baina datorren astean izango dutela esku artean.
Dena den, albiste garrantzitsua dela adierazi du. "Horrelako gai batek samina eta mina uzten ditu barruan, familiarentzat gogorra baita hasierako gezur hori airean egotea. Hau da, berez hil zela entzuteak ez du uzten dolua behar bezala egiten", azaldu du Goñik.
Erakundeetatik keinuren bat iristea ere espero du. "Inoiz ez dugu zigorrik eskatu, baina bai egiaren aitortza, eta nolabait adieraztea zergatik kostatu zaien hainbeste aitortza hori egitea. Lehen momentuan hartutako erabaki okerrari eutsi diote, eta atzera ezin eginda ibili dira, kosta egin zaie horri buelta ematea", azpimarratu du.