Politika -

Abiadura handiko trena

Eneko Goiaren eta Ramiro Gonzalezen arteko hizka-mizka, AHTaren lotura dela eta: Gasteiz edo Ezkio-Itsaso

Donostiako alkateak "berekoitzat" jo du Arabako ahaldun nagusia, AHTa Nafarroarekin Gasteizen bidez lotzea aldarrikatzeagatik, Ezkio-Itsasoko aukeraren kaltetan, eta Gonzalezek "errespetua" eskatu dio Goiari.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak. Argazkia: EFE
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak. Argazkia: EFE

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Goia Donostiako alkateak "berekoitzat" jo du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, AHTa Nafarroarekin Gasteizen bidez lotzea aldarrikatzeagatik, Ezkio-Itsasoko (Gipuzkoa) aukeraren kaltetan, eta Gonzalezek "errespetua" eskatu dio Goiari.

ETB1eko 'Egun on' saioan egindako elkarrizketan, Ramiro Gonzalezek duela egun batzuk egindako adierazpenei buruz galdetu diote Donostiako alkateari. "Herri gisa" Nafarroarekin lotzeko "aukera bakarra dago, Gasteiz, alegia", esan zuen Arabako agintariak.

Donostiako alkatearen iritziz, adierazpen horiek agerian uzten dute Gonzalezek jarrera "berekoia" duela gai horri dagokionez; izan ere, Goiaren ustez, ezin da "inola ere" zalantzan jarri auziari eman beharreko erantzuna Ezkio-Itsasoko lotura dela.

"Errazagoa edo zailagoa izango da, baina hemen gauzak borroka eginez lortzen dira eta nik uste dut hori izan behar dela gure borroka, Gipuzkoakoa, Nafarroakoa eta baita Euskal Herrikoa ere, herri-ikuspegia badugu", azpimarratu du Donostiako alkateak.

Goia, AHTari buruz: ''Ramiro Gonzalezen jarrera egoista da. Bere ikuspegia ez da herri-ikuspegia''
Goia, AHTari buruz: ''Ramiro Gonzalezen jarrera egoista da. Bere ikuspegia ez da herri-ikuspegia''

Goia, AHTari buruz: ''Ramiro Gonzalezen jarrera egoista da. Bere ikuspegia ez da herri-ikuspegia''

0:36

Arabako ahaldun nagusiaren gertuko iturriek adierazi dutenez, Ramiro Gonzalezek "harriduraz" hartu ditu Eneko Goia alderdikidearen adierazpen horiek.

Ahaldun nagusiaren ustez, "kargu instituzionalak betetzen dituztenek errespetuz jokatzeko erantzukizuna dute, berak egiten duen bezala"; izan ere, "besteen iritziak errespetatu behar dira, nahiz eta ez partekatu, eta gainerako erakundeak eta haien arduradunak errespetatu behar dira".

Gainera, nabarmendu du "arduradun instituzional gisa, bere lurraldearentzat eta herriarentzat onena defendatzeko betebeharra" duela, eta ziurtatu du "iraindu edo eraso egin ala ez" horixe egiten jarraituko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika EAJ-PNV Donostia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eneko Goia Ramiro Gonzalez Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena Arabako Foru Aldundia