Politika -
Gipuzkoako Foru Aldundia
Unai Andueza, Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatu berria
Bere jatorrizko sektorera itzuli eta atzerrian proiektu profesional berria hasteko kargua utzi duen Ane Insaustiren lekua hartuko du.
EITB Media
Unai Andueza Iraeta (Azkoitia, 1973) izango da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatu berria. Orain arte karguan zen Ane Insaustik ardura hori uzteko erabakia hartu du, bere jatorrizko sektore profesionalera itzuli eta atzerrian proiektu profesional eta pertsonal berria abiarazteko.
Andueza ingeniari industriala da ikasketaz, MBA masterra dauka eta aditua da enpresen lehiakortasunean eta eskualde garapenean. Azken urteotan Proiektu Estrategikoetako (2020-2023) eta Ekonomia Sustapeneko (2023-2025) foru zuzendaria izan da eta, aurretik, enpresa munduan nahiz eskualde garapenean aritutakoa da.
Eider Mendoza diputatu nagusiak nabarmendu duenez, Anduezak lurraldeko enpresa sarearekin, garapen agentziekin eta ekonomiaren alorreko eragileekin "elkarlan estua" izan du azken urteotan eta azpimarratu du Gipuzkoako ekonomiak duen egoeraren gaineko "ezagutza zabala eta oso gertukoa" daukala.
Hori dela eta, Mendozaren aburuz, "profil ezin aproposagoa du lekukoa hartzeko, etorkizuneko desafioei elkarlanean ekiten jarraitzeko eta, Europako industria bidegurutzean dagoen honetan, Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna eta berrikuntza hauspotzen segitzeko".
Era berean, diputatu nagusiak esker oneko hitzak opa dizkio Ane Insaustiri, atzerrian etapa bat berri bati ekiteko kargua utzi berri baitu.
Foru diputatu berriari karguaren bereizgarria jartzeko ekitaldia ostegun honetan (martxoak 21) egingo da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iargi Aretoan. Datorren asteko Diputatuen Kontseiluan diputatu gisa hartuko du parte.