Politika -

ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa eman dute 'Vitoria Solar 1' proiektua dela eta

Eusko Jaurlaritzak eta Solariak sustatutako parke fotovoltaikoa ezin izan dutelako geldiarazi eman dute dimisioa Txetxu Zengotitabengoa, Laura Sancho eta Javier Ruiz de Arkaute zinegotziek. Horien esanetan, udalek "eskuak lotuta" dituzte errentagarritasuna bilatzen duten enpresen aurrean.

Parke fotovoltaiko bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Parke fotovoltaiko bat, artxiboko irudi batean

Parke fotovoltaiko bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduko Arratzua-Ubarrundiako hiru zinegotziek dimisioa eman dute udalerrian eraikiko den 'Vitoria Solar 1' parke fotovoltaikoa ezin izan dutelako "geldiarazi" eta horrek eragin dien "frustrazioagatik". Aurreikusita dago Eusko Jaurlaritzak eta Solariak sustatutako proiekturako 90.000 panel fotovoltaiko ezartzea, 73 hektareako eremu batean (16 gunetan banatuta).

Txetxu Zengotitabengoa, Laura Sancho eta Javier Ruiz de Arkautek herritarrei igorri dieten gutunean azaldu dutenez, "eskuak lotuta" dituzte udalez gaindiko erakundeek, errentagarritasuna soilik bilatzen duten enpresen eskutik, sustatzen dituzten proiektuen aurrean.

Hiru zinegotzi horien arabera, 'Vitoria Solar 1' proiektua geldiaratzeko lan egin dute eta bide horretan hainbat alegazio aurkeztu dituzte hainbat erakunderen aurrean. Horien iritziz, ordea, gaur-gaurkoz ezer gutxi egin daiteke Arratzua-Ubarrundiako Udalak 'Vitoria Solar 1' proiektua geldiarazteko, eta horregatik erabaki dute dimititzea.

Energia berriztagarrirako 15 proiektu

Solariaren proiektua ez da, ordea, udalerrian aurreikusita dagoen bakarra. Izan ere, dimisioa eman duten zinegotziek azpimarratu dute guztira energia berriztagarriak sustatzeko 15 proiektu daudela aurreikusita Arratzua-Ubarrundian. Gehitu dute, halaber, testuinguru horretan, ez dutela indarrik legealdia amaitzeko eta adierazi dute akta uzteko unea iritsi dela.

Zinegotzi horien esanetan, erakundeek elkarlanean aritu behar dute, beti ere, proiektuak "inposatu gabe" eta bizilagunen iritzia aintzat hartuta.

Txetxu Zengotitabengoa, Laura Sancho eta Javier Ruiz de Arkautek utzitako tokia EH Bilduren zerrendan aurkeztu ziren ondorengo hirurek hartuko dute: Andrea Hierrok, Jon Agirrek eta Belen Perezek.

Gaur egun, Arratzua-Ubarrundian agintean dagoen kontzentrazio-gobernuaren parte dira EH Bilduren hiru zinegotziak.

Proiektu Honi Ez! plataformak EH Bildu kritikatu du

Proiektu Honi Ez! plataformak EH Bildu kritikatu du, Arabako Foru Aldundiari 'Vitoria Solar 1' proiektua ez onartzeko eskatzen zion udal mozioaren bozketan parte hartu ez zuelako.

Ohar batean azaldu duenez, kolektiboaren ekimenez eta Goazen talde independentearen eta EH Bilduren babesarekin eraman zuten mozioa osoko bilkurara.

EH Bilduko hiru zinegotziak ez ziren, ordea, osoko bilkurara agertu eta plataformak uste du koalizioaren zuzendaritza politikoak bere irizpidea inposatu nahi izan zuela zinegotzien iritziaren eta konpromisoaren gainetik. Izan ere, udalbatza baino lehen egin zen batzordean alde bozkatu zuten.

Egoera "kafkianoa" dela salatu du plataformak, eta uste du EH Bilduren zuzendaritzaren eta Arratzua-Ubarrundiako zinegotzien arteko desadostasunak daudela dimisioaren atzean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba EH Bildu Araba Eguneko albisteak Albisteak Energia jasangarriak Kontsumo elektrikoa murriztea Energia