Politika -
NAFARROAKO PARLAMENTUA
Maite Nostik Vox taldea utzi du, baina bere eserlekuari eutsiko dio Nafarroako Parlamentuan
Azken bi urteotan Foru Ganberan Voxen eleduna izan denak hedabideetara igorritako ohar batean azaldu ditu bere erabakiaren atzean dauden arrazoiak. Eskuin muturreko alderdiaren egungo ideologiaren eta bere konbikzioak elkarrengandik "urrun" daudela aipatu du.
EITB MEDIA
Maite Nostik Voxek Nafarroako Parlamentuan duen taldea uzteko eta atxiki gabeko parlamentaria izateko eskaria aurkeztu du gaur. 2023ko foru hauteskundeetan eskuin muturreko alderdiko zerrendaburu izan zenak alderdia ere utziko du. Bi ordezkari zituen Voxek Ganberan: Nosti eta Emilio Jimenez
Erabaki honekin, Voxen taldea desegingo da, Foru Ganberako araudiaren arabera gutxienez bi ordezkari behar direlako taldea izateko. Nosti eta Jimenez talde mistora pasatuko dira.
Nostiren kasuan, atxiki gabeko parlamentaria izatera igaroko da. Horrek esan nahi du parlamentari bezala zituen eskubideak eta karguak galdu egingo dituela. Nolanahi ere, batzorde baten kide izateko aukera izatea aitortzen zaio, eta bere eskarian, Ekonomia eta Ogasun batzordearen kide izatea eskatu du.
Orain, Parlamentuko Mahaiari dagokio azken eskari hori onartzea. Baliteke beste batzorde batera bideratzea. Erabakia edozein dela ere, batzorde hori 14 kidekoa izatetik 15ekoa izatera igaroko da.
Azken bi urteotan Foru Ganberan Voxeko eleduna izan denak hedabideetara igorritako ohar batean azaldu ditu bere erabakiaren atzean dauden arrazoiak. Bere hitzetan, eskuin muturreko "alderdiaren egungo ideologia eta bere konbikzioak elkarrengadik urrun" egoteak eraman du taldea uztera. Terrorismoaren Biktimen Europako Egunean adierazpen instituzional bat babestegatik, Voxen ideologiaren aurka egitea leporatu diotela kontatu du. "Nire erabaki guztiak nire etikaren eta kompromisoaren araberakoak dira", erantsi du.
Bihar bilduko da Mahaia, Kontrol Saioaren aurretik. Nostik gaur aurkeztutako eskaria ofizialki jakintzat emango da, eta beharrezko izapideak abiatuko ditu.
"Desadostasuna"
Nafarroako Voxek ere agiria kaleratu du, gaiaren gaineko azalpenak emateko. Bertan dioenez, Nosti Parlamentuko bere taldetik atera da, astelehenean Foru Ganberako Mahaian eta Bozeramaileen Batzordean terrorismoaren biktimei buruzko adierazpen instituzionalaren alde bozkatzeagatik, alderdi ultraeskuindarrak "ados ez zegoela" agertu bazuen ere. Voxek baieztatu du ezin duela babestu "Nafarroan ETAren biktimak terrorismo jihadistaren edo beste edozein tipologiaren biktima guztiekin parekatzen dituen testu bat".
Halaber, gehitu du Nafarroako Parlamentuan lanean jarraituko duela, "alderdian konfiantza jarri duten herritarrak ordezkatzeko ausardia berarekin".