Politika -

APIRILAK 20

EH Bilduk berdinen arteko errepublika aldarrikatuko du Aberri Egunean, militarismoa gora doan testuinguruan

EH Bilduk "Askatasunaren Nazioa Gara" lelopean ospatuko du aurtengo Aberri Eguna Iruñean.

ARrnaldo Otegi (EH Bildu) 2025eko Aberri Egunaren aurkezpen ekitaldian. Irudia: EITB Media
ARrnaldo Otegi (EH Bildu) 2025eko Aberri Egunaren aurkezpen ekitaldian

''Askatasunaren nazioa gara'' lemapean ospatuko du EH Bilduk 2025eko Aberri Eguna

0:50

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Militarismoa, indarra eta oihanaren legea" nagusitzen ari den nazioarteko testuinguru honetan, EH Bilduk aldarrikatu du koalizio antimilitarista dela eta "berdinen arteko errepublika" eraikitzea dela bere erronka. 

Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari orokorrak 2025eko Aberri Eguna aurkeztu du, gaur goizean, Iruñean egin den ekitaldian. "Askatasunaren Nazioa Gara" lelopean, askatasuna aldarrikatuko du koalizio abertzaleak datorren apirilaren 20an Nafarroako hiriburuan. "Nazioa garela eta euskaldunak garela harro aldarrikatuko dugu", gaineratu du.

Otegik nazioarteko testuinguruari azpimarra egin dio. Alde batetik, militarismoa gora egiten ari dela eta II. Mundu Gerraz geroztik nazioartean eraikitako "egitura instituzionala" suntsitzen ari dela ohartarazi du. Azaldu duenez, "Oihanaren legearen pean", autoritarismoan eta militarismoan oinarritzen ari da munduko ordena eta "hori kaltegarria da Euskal Herriarentzat eta munduarentzat ere bai".

Bestetik, gogora ekarri du aurten 50 urte betetzen direla Francisco Franco diktadorea hil zenetik eta Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik. Halaber, beste efemeride bat ere gogoan hartu du, hots, 39 urte direla Hego Euskal Herriko lau probintziek NATOri "ezetz" esan ziotenetik.

Nazioarteko testuinguru horretan, Euskal Herria "beste bide bat" hartzen ari dela nabarmendu du Otegik, eredu berdinzaleago, sozialista eta burujabetzaren aldekoa, eta gaineratu du beste bide hori aldarrikatzeko ere balioko duela Aberri Egunak.

Otegik apirilaren 20ean Iruñean egingo den festa eta mobilizazioan parte hartzera gonbidatu ditu euskal herritarrak, "Euskal Herria nazio bat dela, euskaldunak garela eta harro gaudela aldarrikatzera eta beste hainbat gauza aldarrikatzera".

"Askatasunaren nazioa gara eta hori aldarrikatzera gatoz Iruñera", gehitu du.

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Vox ez beste alderdi guztiekin Espainiaren gastu militarra handitzeari buruz deitutako bilerari begira, gobernuburuak esan beharrekoa entzun arte itxaron nahi du EH Bilduk bere posizioa zehazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Iruñeko bideoak Aberri Eguna Alderdi politikoak EH Bildu Albisteak Gaur Eguneko albisteak