Politika -
Igeldo
Igeldoko Toki Erakunde Txikiaren behin-behineko kudeaketa-batzordea eratu dute
Organo horrek EH Bilduko lau ordezkari eta EAJko bat izango ditu eta jarduera ofizialari ekigo diote horrela, harik eta 2027ko maiatzean udal hauteskundeak egiten diren arte.
Agencias | EITB Media
Lehen Donostiako auzo zen Igeldoko Toki Erakunde Txikiko behin-behineko batzorde kudeatzailea eratu dute ostegun honetan, EH Bilduko lau ordezkarirekin eta EAJko batekin. Eneko Goia Donostiako alkatea eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia Itsas Aurreren egoitzan izan dira ostegun arratsaldean, 2027ko maiatza arte Toki Erakunde Txikiak zuzenduko duen batzorde kudeatzailearen eraketan.
Behin-behineko batzorde kudeatzailearen ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatu ditu, aplikatu beharreko hauteskunde-araudian xedatutakoaren arabera eta Hauteskunde Batzorde Zentralaren adostasunarekin. Horretarako, erakundea eratzeko sekzioan edo ataletan azken udal-hauteskundeetan izandako emaitzak hartu dira kontuan.
Horrela, EH Bilduko lau ordezkarik eta EAJko beste batek osatuko dute behin-behineko batzorde kudeatzailea, Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabakiz.
Hala, karguez jabetu dira EH Bilduren aldetik Karmele Garmendia San Sebastian, Eneko Dorronsoro Ayerbe, Iker Zinkunegi Arrillaga eta Pedro Maria Galarraga Treku izango dira batzordekide, eta, EAJren aldetik, Iñigo Barandiaran Benito.
Behin-behineko batzorde kudeatzailea eratuta, Igeldoko Toki Erakunde Txikiak bere ibilbideari ekin dio, eta, 357.703 euroko aurrekontua du inbertsioak egiteko.
"Ibilbide berria"
Goiak txalotu egin du Igeldok "ibilbide berri bat" hasiko duela eta, esan duenez, horri esker, bizilagunek "administrazio hurbilago bat izango dute, jasotzen dituzten zerbitzuak hobetuz". Gainera, bere eskua luzatu du, "Toki Erakunde Txiki berriko biztanleen bizi-kalitatea eta zerbitzuak hobetzeko batzorde-kudeatzailearekin elkarlanean jarraitzeko".
Ildo horretan, egun honek "ilusio berezia" egiten diola ziurtatu du, izan ere "bost urteko lan gogorra izan da, ez da kontu erraza izan". Era berean, Igeldoko Herri Kotseiluko kideen inplikazioa eskertu du, baita udal teknikarien lana ere.
"Donostiako Udala, beharbada, ez dago horrelako antolaketa administratibo instituzionalera ohituta, baina herritarren onerako egiten ikasi behar du", adierazi du.
Goiak adierazi duenez, batzorde honen eraketak "igeldotarren nahiari erantzuten dio, ni donostiar sentitzen naizen bezala sentitzen baitira beraiek igeldoar", eta gaineratu duenez, "uste dut ona dela haien nortasunari, eskaerei eta zerbitzu-beharrei erantzuna emango dien hurbileko erakunde bat izatea".
Bestalde, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia pozik agertu da "egin den lan guztiagatik". "Nortasun propioa duen komunitate bati buruz ari gara, balio oso sendoak dituen komunitateaz", nabarmendu du, eta azpimarratu duenez lankidetza funtsezkoa izan da, eta, "jakina, baita Gipuzkoatik aldarrikatzen ditugun eta bereizgarri ditugun balio komunitarioak ere".
Mendozak zehaztu duenez, Foru Aldundiak "fase honetan egindako lana amaitu du", baina, hemendik aurrera, "behar den guztian laguntzeko" egongo da.