Politika -

NAFARROAKO PARLAMENTUA

Iruñeko Erorien Monumentua eraldatzeko lege-erreforma onartu dute

EH Bildu, PSN eta Geroa Bai taldeek pasa den azaroan lorturiko akordioaren ondotik, ez dute eraikin osoa eraitsiko, memoriaren aldeko hainbat taldek azken urteotan eskatu bezala.

Iruñeko Erorien Monumentua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Iruñeko Erorien Monumentua, artxiboko irudi batean

Iruñeko Erorien Monumentua, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuak onartu egin du Iruñeko Erorien Monumentua eraldatzeko —ez eraisteko— beharrezkoa den lege-erreforma. Madrilgo Cuelgamuros haranean eraikitakoaren ondotik, zutik dagoen bigarren eraikuntza frankista handiena da Iruñeko Erorien Monumentua.

33/2013 Foru Legearen erreforma aurrera atera da PSN, EH Bildu eta Geroa Bai taldeen aldeko botoekin. Pasa den azaroan, aipaturiko taldeek eraikina eraldatzeko akordioa lortu zuten eta hainbat elkarte memorialista aurka agertu ziren, aspaldidanik eraistea eskatzen dutelako. Horren ordez, esanahia aldatu, eta askatasunaren eta demokraziaren aldeko espazio bihurtuko dute.

Zurekin Nafarroak —monumentua eraistearen aldekoa delako— eta UPNk, PPk eta Voxek lege-erreformaren aurka bozkatu dute. Eskuineko hiru alderdien kasuan, edozein eraldaketa egitearen kontra daude.

Inma Jurio PSNren parlamentariak akordioaren balioa jarri du mahai gainean eta sinatzaileek monumentu horren gaineko neurriak hartzeko "gehiengo nahikoa" dutela nabarmendu du. Halaber, uste du eztabaida eraitsi ala ez baino zabalagoa dela.

EH Bilduko Arantza Izurdiagaren esanetan, gaur-gaurkoz monumentua eraistea "bideraezina" da zailtasun juridikoak daudelako eta gehiengo politiko nahikorik ez dagoelako. Gaineratu duenez, Memoria Historikoaren Legeak ez du horretara behartzen.

Geroa Baiko Mikel Asiain parlamentariak onartu du "gutxieneko akordioa" dela. Azpimarratu du alde guztiak "konbentzitzen ez dituen arren", aurrera egitea eta monumentuari buruzko nolabaiteko adostasun sozial eta politikoa lortzea ahalbidetu duela.

UPNko Javier Esparzaren iritziz, lege-proposamen "baztertzailea" da, adostasunik eta parte-hartzerik gabe egin delakoan. Halaber, gaur baino lehen, monumentuari bere hasierako esanahia aldatu zaiola uste du.

PPko Javier Garcia parlamentaria ildo beretik mintzatu da, eta salatu du sinbolo frankistak eraistea ez dagoela Nafarroako herritarren lehentasunen artean.

Carlos Guzman (Nafarroa Zurekin) oso kritiko mintzatu da eta salatu du gaurkoa Nafarroako legedia memorialistaren historian mugarri izango dela. Ildo horretan, ez du ulertzen Nafarroan gehiengo progresista egonik eraikin frankista "betikotzeko" erabakia hartu izana.

Azkenik, Maite Nosti Voxen ordezkariak Nafarroako Gobernuari eskatu dio nafarren gaur egungo arazoei heltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Iruñeko albisteak UPN PSN Albisteak Geroa Bai Nafarroa gaur Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Nafarroa Albisteak Gaur Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Frankismoa albisteak Gerra Zibileko biktimak Vox Nafarroako PP albisteak