Politika -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: zerga erreforma, lehen epaiketa heriotza duina eskatzeko eta sardinaren agurra
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko martxoak 4an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Zerga erreforma: Podemos Euskadiko zuzendaritzak ez du babestuko EAJk eta PSE-EEk sustatutako erreforma fiskala, militanteei egindako barne kontsultaren emaitzetan "berdinketa teknikoa" izan dutelako. Alderdi morea prest agertu da jeltzaleekin eta sozialistekin akordioa lortzeko, eta gaineratu du beste proposamen bat aurkeztuko balute, hura aztertu egingo luketela.
- Lehen epaiketa, heriotza duina eskatzeko: eutanasia eskatu zuen 23 urteko neska baten familiak, prozesua gelditzea lortu zuen, neskak buru osasuneko arazoak zituela argudiatuta. Gaur, Bartzelonan gaia epaitegira iritsiko da.
- Sardinaren agurra: gaur amaituko dira inauteriak Euskal Herri osoko dozenaka herri eta hiritan. Tradizioari eutsiz, sardinaren agurraren zeremonia egingo da leku askotan, datorren urtera arte agur esateko inauteriei.