Politika -

TRANSFERENTZIAK

Datorren astera atzeratu da atzerritarren lan-baimenen eta meteorologiaren eskumenak EAEren esku uzteko bilera

Eskualdaketa adostuta dago jada, baina Transferentzien Batzorde Mistoaren sinadura ofiziala falta da. Bihar zen egitekoa bilera, baina "agenda arazoak" direla eta, datorren astera atzeratu dute hitzordua.

Transferentzien Batzorde Mistoak joan den abenduan egindako bilera. Argazkia: EFE
Transferentzien Batzorde Mistoak joan den abenduan egindako bilera. Argazkia: EFE

Transferentzien Batzorde Mistoak joan den abenduan egindako bilera. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren astera atzeratu da atzerritarren lan-baimenen eta meteorologia zerbitzuaren eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzteko Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak biharko deituta zuten bilera, agenda arazoengatik. Hala jakinarazi du Gasteizko Gobernuak, ohar bidez.

Beraz, Transferentzien Batzorde Mistoa datorren astean bilduko da Madrilen (eguna ez dute zehaztu, oraindik). Azken hitzorduetan egin moduan, Maria Ubarretxena  Eusko Jaurlaritzako Gobernantzako, Administrazio Digitaleko eta Autogobernuko sailburuak eta Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko ministroak zuzenduko dute bilera.

Joan den abenduan, Itsasertzaren Kudeaketa eta Zinematografia Jardueraren eskuduntzak sinatu zituzten, eta Eusko Jaurlaritzaren kronogramaren arabera, datorren astean lan-baimenena eta meteorologiarena izenpetuta, Gernikako Estatutuan jasota dauden 25 eskumen geratuko lirateke eskualdatzeko.

Aurreikuspenen arabera, interes orokorreko aireportuen eta portuen kudeaketa, enplegu-politika pasiboen eskumena eta Gizarte Segurantzarena dira negoziatuko dituzten hurrengoak. Azken hori izango da konplexuena, bi aldeek hainbatetan aitortu dutenez.

Gernikako Estatua osorik betetzeko konpromisoa itxi zuten EAJk eta PSOEk, Pedro Sanchezen inbestidurarako adostu zuten itunean, eta Eusko Jaurlaritzarako gobernu koalizioa osatzeko programa-akordioan ere konpromiso bera berretsi zuten jeltzaleek eta sozialistek.

2025. urtea amaitu baino lehen eskumen denak eskualdatuta izan nahi ditu Jaurlaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua