Politika -

politika fiskala

PSE-EEk berretsi du zerga erreforma ez duela PPrekin negoziatuko; EAJ "guztiekin" hitz egiteko prest dago

EH Bilduk erreforma fiskalari osoko zuzenketa aurkeztuko diola eta, kritiko azaldu dira biak ala biak. Bien bitartean, Elkarrekin Podemos "baikor" agertu da negoziazioarekin. PP, aldiz, kritiko azaldu da EAJrekiko, Anduezaren esanetara "makurtuta" ikusten baitu.

Eneko Andueza (PSE-EE) eta Joseba Diez Antxustegi (EAJ), Legebiltzarrean.
Eneko Andueza (PSE-EE) eta Joseba Diez Antxustegi (EAJ), Legebiltzarrean.

Eneko Andueza (PSE-EE) eta Joseba Diez Antxustegi (EAJ), Legebiltzarrean.

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk hiru Batzar Nagusietan aurkeztutako zerga erreformaren proiektuari EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztuko diola eta, negoziazioaren atea parez pare zabaldu diete oposizioko beste indarrei, Elkarrekin Podemosi eta PPri, hain zuzen ere. Izan ere, Gipuzkoan eta Araban, jeltzale eta sozialistek oposizioaren botoak behar dituzte erreforma aurrera ateratzeko. Batzar Nagusietako aritmetikari erreparatuta, EH Bilduk edo PPk abstentziora jo beharko lukete, edota Elkarrekin Podemosek, alde bozkatu.

Asteon bukatuko da bi lurraldeetan osoko zuzenketak aurkezteko epea; Bizkaian, martxoaren 12ra arte dago irekita, baina kasu horretan, EAJk eta PSE-EEk badute testua aurrera ateratzeko babes nahikoa.

Horren harira, Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak ohartarazi du PPrekin ez negoziatzeko euren jarrera "irmoa eta mugiezina" dela. Buruzagi sozialistaren aburuz, Alderdi Popularrak "diru gehien duenari egin nahi dio mesede".

Zabalagoa da jeltzaleen jarrera, Joseba Diez Antxustegi EAJk Legebiltzarrean duen bozeramaileak argitu duenez. "Guztiokin negoziatzeko prest gaude", adierazi du. Azaldu duenez, euren lehentasuna "edukiak" aztertzea eta negoziatzea da, zein alderdirekin lor daitekeen gorabehera. 

Eusko Legebiltzarreko atarian adierazpenak egin dituzte bi buruzagiek, EH Bilduren erabakia kritikatzeko. Anduezaren ustez, koalizio subiranistak "min egin nahi die foru gobernuei" eta ohartarazi dio "erantzukizuna eta gobernatzeko asmoa duen alderdi bihurtzeko gaitasuna egoera hauetan demostratzen" dela. "Oraingoz ez dute halakorik erakutsi", azpimarratu du.

Diez Antxustegiren arabera, "ez da ulergarria EH Bilduk edukien inguruan negoziatzeari uko egitea". Nabarmendu duenez, Arnaldo Otegi buru duen koalizioa "ez dago herri erronkei erantzuna emateko eskatutako mailan".

Nerea Kortajarena EH Bilduren bozeramaileak, lehengo lepotik burua. Gaur Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketa batean azpimarratu du jeltzale eta sozialistek adostutakoa ez dela zerga erreforma, "ukitu fiskal soila" baizik. Ohartarazi duenez, Batzar Nagusietan dagoen indar banaketaren ondorioz, EAJk ezingo du bere proposamena mahai gainean jarri, "besteek irentsiko dutelakoan". 

Elkarrekin Podemos, "baikor"

Miren Etxebeste Elkarrekin Podemosek Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramailea elkarrizketatu dute gaur Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, eta negoziazioari begira "baikor" dagoela azpimarratu du, batez ere sozialistek egindako "mugimenduari" esker —Anduezak EAEko PPrekin negoziatzea baztertu du berriki—. Ohartarazi duenez, EAJk eta PSE-EEk proposatutakoa ez da zerga erreforma, "horretan ados gaude oposizioko hiru alderdiak", erantsi du.

"10 urte eta gero zerga erreforma bat beharrezkoa zela uste genuen, eta jarraituko dugu erreforma bat eskatzen, baina, tira, orain mahai gainean duguna foru arau proposamena da. Ez da guk espero genuen markoa, baina markoa hau da", aitortu du.

Dena dela, uste du zuzenketa partzialen bidez "zerga berrikuspena erreforma bihur" daitekeela, eta horren harira, Gipuzkoan 34 zuzenketa aurkeztu dituztela jakinarazi du, batez ere etxebizitzaren alorrekoak. Era berean, azaldu du hiru lurraldeetan armonizazioa lortzeko "bateratuta" daudela Bizkaiko eta Arabako Elkarrekin Podemos.

PP, EAJrekin kritiko

Azkenik, Iñaki Oyarzabal Arabako PPren presidenteak iragarri duenez, oraingoz ez dute osoko zuzenketarik aurkeztu, eta Arabaren kasuan, 42 zuzenketa partzial erregistratu dituzte, "familien, errenta ertainen eta autonomoen alde" egiteko.

Negoziazioari dagokionez, jeltzaleek izandako jarrera-aldaketa deitoratu du:

PPk Anduezaren esanetara ''makurtuta'' ikusten du EAJ, zerga erreformaren negoziazioan
PPk Anduezaren esanetara ''makurtuta'' ikusten du EAJ, zerga erreformaren negoziazioan

PPk Anduezaren esanetara ''makurtuta'' ikusten du EAJ, zerga erreformaren negoziazioan

0:39
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Ekonomia EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia