Politika -

EUSKO JAURLARITZA

Pradales lehendakariak akordio handiak lortzeko dei egin die sindikatu eta enpresariei

Halaber, egoerak eskatzen duen mailan jokatzeko eskatu die talde politikoei EAJk eta PSE-EEk proposatutako zerga berrikuspena adostu ahal izateko. Bestalde, nabarmendu du aurten "aukera" dagoela Gernikako Estatutua "behingoz" betetzeko.

Imanol Pradales lehendakaria, gaur, Bilbon egin den ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Imanol Pradales lehendakaria, gaur, Bilbon egin den ekitaldi batean

Arazo globalen aurrean ''herri gisa erantzunak artikulatu behar'' ditugula azpimarratu du lehendakariak

0:36

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales lehendakariak negoziatzeko eta akordio zabalak lortzeko eskatu die sindikatu eta enpresariei, ziurgabetasunez beteriko nazioarteko testuinguruaren aurrean.

Zehazki, akordiorako gai nagusi hauek aipatu ditu: gutxieneko soldata propioa, produktibitatea, absentismoa, lan osasuna, soldatak eta gazteen lan baldintzak.

Deia egunkariak Euskalduna jauregian antolatutako foro batean lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak eragile sozioekonomikoekin kolaboratuko du, baina horiek ezin dute beste alde batera begiratu. Akordioa lortze aldera, uste du ezinbestekoa dela alde guztiek zeozeri uko egitea. Gutxieneko soldata propioari dagokionez, patronalari keinua egin dio eta esan du "eseri ez dena eseri dadila". 

EAJk eta PSE-EEk proposatutako zerga berrikuspenari lotuta, arduraz jokatzeko eskatu die alderdi politiko guztiei. Halaber, gazteen, pertsona zaurgarrien, erdi mailako klaseen, enpresen, eta, oro har, gizartearen mesedetan, betoak kentzea eskatu dio oposizioari.

Erregimen orokorreko autonomia erkidegoei zorra barkatuko zaiela ere hizpide izan du lehendakariak agerraldian. Zorraren 83.000 milioi bere gain hartuko ditu Estatuak eta ikusteko dago kupoari nola eragingo dion 2027. urtetik aurrera. Azaldu duenez, Estatuak zor handiagoa bere gain hartzeak interesetan eragina izango du eta Eusko Jaurlaritzak interes horien % 6,24 ordaindu beharko du.

Bestalde, lehendakariaren iritziz, aurten "aukera" egon daiteke Gernikako Estatutua osorik "behingoz" betetzeko eta falta diren eskumenak eskualdatzeko. "2025aren amaierarako eduki beharko genuke itxita. Gauzak aurrera doaz, ondo doaz, baina motel doaz eta azkartu behar dugu abiadura", azpimarratu du.  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Berriak Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza berriak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa EAEko Estatutua Zerga politika gaur Azken ordukoa Imanol Pradales