Politika -
Etxebizitza
Kongresuak atzera bota du PSOEk eta EAJk adostutako lurzoru legearen erreforma
Ekimenak aldeko 126 boto (PSOE, EAJ eta CC), kontrako 186 (PP, Sumar, ERC, Junts, EH Bildu eta Podemos) eta 34 abstentzio (Vox eta BNG) jaso ditu.
Agentziak | EITB Media
Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak atzera bota du PSOEk eta EAJk adostutako lurzoru legearen erreforma. Honenbestez, legealdi honetan araua tramitatzeko bigarren saiakerak huts egin du.
Duela bederatzi hilabete gertatu zen bezala —orduan ere, babes faltagatik erretiratu zuen erreforma Espainiako Gobernuak—, ezkerreko zein eskuineko alderdiak ekimenaren aurka agertu dira. Horrela, aldeko 126 boto (PSOE, EAJ eta CC), kontrako 186 (PP, Sumar, ERC, Junts, EH Bildu eta Podemos) eta 34 abstentzio (Vox eta BNG) jaso ditu ekimenak.
Sumarrek esan du Gobernu bazkidearen proposamena Mariano Rajoyk 2018an onartu zuen lege-aurreproiektuaren "kopia" bat dela, eta udaletako "ustelkeriarekin" eta "hirigintza-espekulazioarekin" lotu du.
PPk adierazi du 2018ko proiektuaren "kopia txarra" dela, eta ez dagoela haiek Senatuan aurkeztu duten "maila berean". Azken hori laster onartzea espero du Alderdi Popularrak.
Maribel Vaquero EAJren diputatuak azaldu du PPren proposamena "arretaz" irakurri duela, eta "lurzoru legeari dagokionez, bere planteamendua oso antzekoa" dela uste du, "paragrafo batzuetan ia berdin-berdina".
Duela hilabete batzuk PSOEk eta EAJk adostu zuten lurzoru legearen erreformaren helburua da hirigintzako plangintzak auzitegietan ezin baliogabetzea akats formal edo prozedura-akats batengatik, zortzi eta hamabi urte bitarteko izapidetze konplexu baten ondoren.
Vaquerok Sumarren jarrera "iraingarria" eta "demagogikoa" kritikatu du, "alkateen eta zinegotzien lana eta legezkotasuna zalantzan jartzen dituelako".
Ildo beretik, Rafaela Romero sozialistak 60.000 zinegotzi eta alkate baino gehiago "errespetatzeko" eskatu dio Sumarri, eta esan die "nahikoa" dela "espekulazioa eta udal boterea batzearekin", "nagusitasun moraletik" abiatuta, eta kontua ez dela "aldea aukeratzea, baizik eta aldez ez aldatzea jendeak behar zaituenean".
Bestalde, EH Bilduk "arrazoizkotzat" jo du proposamen horren tramitazioa babesteko eta zuzenketen prozesuan hobetzeko gonbidapena, baina ez du egin, lurzoru legearen erreformaren "giltzarria" 18. artikulua aldatu beharko litzatekeela iritzita, horren arabera administrazio publikoa lurzoruaren % 5-% 15 bakarrik birkalifikatuko balitzateke.