Politika -
TURISMOA
Goiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio turismo-zerga bat ezartzeko beharrezko urratsak eman ditzala
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak nabarmendu duenez, zerga-figura hori arautzeko modua aztertzen ari dira oraindik Ogasun eta Turismo sailak.
Agentziak | EITB MEDIA
Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, turismo-zerga ezartzea "Donostiaren aspaldiko helburua da", eta "hala adierazi da osoko bilkuran, hainbat zuzenketa onartuta".
Gainera, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak, Gobernu programan, "figura hori sortzea" aurreikusten zuela, baina "zortzi hilabete igaro dira" egungo Eusko Jaurlaritza eratu zenetik, eta "horrek ez luke gehiago itxaron behar".
Gauzak horrela, alkateak adierazi du Donostiako udala Jaurlaritzak "proposamen bat egiteko zain" dagoela, "figura hori ezartzeko konpromisoa hartu baitzen, teknikoki ez baita tasa bat, zerga bat baizik", eta, Goiaren ustez, "zuzenean eragin behar die turismo-jardueraren pisua jasaten duten udalerriei".
"Hori ere Donostiatik egiten dugun erreklamazioa da", azpimarratu du. Goiaren arabera, kanon hori ezartzeak urtean "zazpi milioi eta erdi edo zortzi milioiko" diru-sarrerak ekar litzake udal kutxetara; izan ere, joan den ekitaldian, adibidez, turistek bi milioi gau igaro zituzten hirian.
Bestalde, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "lasaitasuna" eskatu du Euskadin turismo-tasaren edo -zergaren bilketan eta kudeaketan esku hartu beharko luketen erakundeei buruz sortutako eztabaidari dagokionez; izan ere, zerga-figura hori arautzeko modua Ogasun eta Turismo sailek elkarrekin aztertzen ari dira oraindik.
Ubarretxena komunikabideen aurrean agertu da Gobernu Kontseiluaren asteroko bileraren ostean, eta aipatu du zenbait udalek tasa edo zerga turistikoaren kudeaketan eta diru-bilketan parte hartzeko asmoa dutela.
Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, "positiboa da tasa turistiko edo zerga turistiko bati buruz hitz egitea". "Azkenean, mahai gainean zegoen eztabaida bat da, eta, beraz, une honetan jorratzen ari den eztabaida bat da", gaineratu du.
Gogorarazi du zerga-figura hori gobernu-programan jasota dagoela, baina adierazi du programan ez dela zehazten "nola" aplikatu eta arautu behar den.
Ubarretxenak gogorarazi du Euskadin Kontzertu Ekonomikoa dagoela eta finantzaketa-sistema "berezia eta desberdina" dela, eta lurralde historikoek ere "paper protagonista" dutela.