Politika -
Vox-en ekitaldia Errenterian
Errenteriako Udalak larunbateko Voxen ekitaldiari "hutsunea" egiteko eskatu die herritarrei
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gobernatzen duten Udalak lau puntuko adierazpen instituzionala jarri du bere webgunean, udala osatzen duten talde politiko guztiek sinatuta.
EITB Media
Errenteriako Udalak dei egin die herritarrei "hutsunearen bidez agenda atzerakoia ezarri nahi duten horiek, gure udalerrian duten babes falta agerian uztera".
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek gobernatzen duten Udalak lau puntuko adierazpen instituzional bat jarri du bere webgunean, udala osatzen duten talde politiko guztiek sinatua, datorren larunbatean Voxek udalerriaren erdigunean mahai informatibo bat jarriko duela jakin ostean.
"Demokraziaren defentsa lehentasunezko egin beharra da. Horregatik, herritar ororen zein herrien eskubide eta askatasunen aurkako agenda atzerakoiek ez dute lekurik gure herrian", jasotzen du testuak, Vox espresuki aipatu gabe.
Gaineratu duenez, "mundu mailan, izaera atzerakoia duten hainbat talde politiko indarra hartzen ari dira eta iraganera itzularazi nahi gaituzte. Horren aurrean, udal honek, etorkizunari begiratzen dio. Komunitatearen kohesioan eta bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna dugularik helburu.".
"Bide luzea egin dugu eskubide eta askatasunen defentsan eta aurrerantzean ere, bakoitzak bere eremutik, komunitatea kohesionatzen eta balio demokratikoetan sakontzen jarraitzeko deia egiten dugu", azpimarratu du.
Udalaren adierazpenaz gain, herriko bizilagunek, Orereta-Errenteriako Herri Ekimena plataformaren bitartez, manifestazioa deitu dute ostiralerako "Oldarraldi faxistaren aurrean, askatasuna" lelopean.
Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak, bere aldetik, Errenteriako Udalari leporatu dio EH Bilduko "nazkagarriei" informazio mahai horren berri eman izana, Santiago Abascalen alderdiak horretarako baimena jaso aurretik.
Bere esanenat, horregatik deitu dute "ETAren txakurkumerk" ostiraleko manifestazioa. "Vox Gipuzkoa beldurtzea da horien asmoa, informazio-mahaia bertan behera utz dezan. Ekitaldia egin egingo da, ez gaude prest jendilaje honek garaitu gaitzan uzteko", azpimarratu du, alderdiak ohar baten bidez jakinarazi duenez.