Politika -
Eusko Legebiltzarra
EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk hezkuntza plangintzaren araua egokitzea adostu dute, EAEko ANk baliogabetu ostean
Sumarrek hezkuntza plangintzaren ordez derrigorrezko hezkuntzako etapa guztietan plaza publiko "nahikoak" bermatuko dituen sistema bat proposatu du, baina testua ez da aurrera atera, bai ordea Jaurlaritza babesten duten indar politikoek eta EH Bilduk sinatutakoa.
Agentziak | EITB Media
Eusko Legebiltzarrak EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostutako zuzenketa bat onartu du, Hezkuntza Sailari unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen dekretua "egokitzeko" eskatuz. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) araua baliogabetu zuen.
Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen erabaki judizial horren aurka helegitea jarriko zuela, baina dekretuak indarrean jarraitzen du epaia irmoa ez delako.
Sumarrek ekimen bat eraman du gaur osoko bilkurara, egungo hezkuntza plangintzaren ordez derrigorrezko hezkuntzako etapa guztietan plaza publiko "nahikoak" bermatuko dituen sistema bat proposatzeko.
Hala ere, jatorrizko testua ez da aurrera atera, bai ordea Eusko Jaurlaritzako indar politikoek eta EH Bilduk sinatutakoa.
Testu horren bidez, Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari eskatu dio baliogabetutako dekretua "egokitzeko", eta gauza bera egiteko ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen duen dekretuarekin, bi kasuetan 2022ko hezkuntza itunean jasotako "irizpideei jarraituz".
Ikoitz Arrese EH Bilduren legebiltzarkideak hezkuntza itunaren "adostasunetara itzultzea" nabarmendu du. Gainera, Hezkuntza Akordioaren Jarraipen Batzordea deitzeko eskatu dio Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuari, horrek "berebiziko garrantzia" duelako.
"Oso konfiantza txikia dugu Hezkuntza Sailean, eta konpromiso politikoa behar dugu. Gauzak ez daude ondo, ez dira ondo egiten, beraz, hausnarketarako unea da. Itzul gaitezen hezkuntza akordiora, itzul gaitezen adostasunetara, itzul gaitezen elkarlanera", eskatu du Arresek.
Sumarren legebiltzarkideak salatu duenez, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostutako zuzenketak "Jaurlaritzaren politika zuritzen du, eta itunpeko hezkuntzaren alde publikoa ahultzen duen eredua indartzen du".