Politika -
GERTAKARIA
Tiroz hilda aurkitu dute Arturo Torro Gandiako alkate ohia eta enpresaburua
Gorpua A-38 autobidean aurkitu dute, Valentziako Xeresa herriaren parean. PPko alkate ohia hainbat auzitan zegoen nahastuta: 2023an 3 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Tiroz hilda aurkitu zuten, atzo iluntzean, Arturo Torro Gandiako (Valentzia, Espainia) alkate ohia eta enpresaburua. Ikerketako iturriek zabaldutako informazioaren arabera, bularraldean tiroa eta indarkeria zantzu nabarmenak zituen.
Gorpua A-38 autobidean aurkitu zuten, Xeresa herriaren parean, 22:30 inguruan. Aipatutako iturriek zehaztu dute bere ibilgailutik metro batzuetara zegoela hilotza.
62 urte zituen Arturo Torrok, eta 2011tik 2015era izan zen Gandiako alkate, Alderdi Popularretik. Grupo MasVision eta Hidrosalud enpresen sortzaileetakoa ere izan zen, eta 2023an Valentziako Probintzia Auzitegiak 3 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion diru publikoa bidegabe erabiltzea delitua leporatuta. Gandiako Udalaren komunikazio zerbitzuen kontratazioan atzemandako ustelkeria kasuengatik eraman zuten auzitara, besteak beste.
Guardia Zibilak ikerketa zabaldu du, gertatutakoa argitzeko.