Politika -

GERNIKAKO ESTATUTUA

Meteorologia eta atzerritarren lan baimenak Eusko Jaurlaritzari eskualdatzea sinatuko dute otsailaren 28an

Transferentzien Batzorde Mistoa otsailaren 28an bilduko da akordio hori izenpetzeko. Eskualdatzeari buruzko xehetasunak hilaren 28an jakinaraziko dituzte.

Maria Ubarretxena bozeramailea, gaur, gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. EITB Media
Maria Ubarretxena bozeramailea, gaur, gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan

Meteorologia eta atzerritarren lan baimenen eskualdaketa onartu dute Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak

0:41

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuak akordioa lortu dute meteorologia eta atzerritarrei lan baimenak emateko eskumena eta Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzeko.

Transferentzien Batzorde Mistoa datorren otsailaren 28an bilduko da eta bilera horretan sinatuko dituzte eskualdatzeak, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez. Hala ere, ez du argitu Eusko Jaurlaritzak noiz hartuko dituen bere gain aipaturiko bi eskumenak. Ildo horretan, gaineratu du akordioari buruzko xehetasunak hilaren 28an bertan jakinaraziko dituztela.

Ubarretxenaren esanetan, pasa den asteazkenean bildu zen aldebiko azpibatzorde politikoa Madrilen bi eskumen horien akordioa ixteko.

"Aurrerapauso bat eman da, eta Euskadik bi eskumen gehiago izango ditu laster", azpimarratu du. Eusko Jaurlaritzak atzerritarren lan baimenak emateko ahalmena izatearen garrantzia nabarmendu du Ubarretxenak. Aurreratu du, halaber, metereologia eskuduntzaren aldaketari esker, Euskadik nazioarteko erakundetan parte hartu ahalko duela.

Falta diren eskumenak

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak negoziatzen jarraitzen dute 1979ko Gernikako Estatutua betetzeko falta diren eskumenak eskualdatzeko.

Ildo horretan, bi gobernuen arteko "sintonia ona" nabarmendu du Ubarretxenak.

Halaber, itsas salbamendua eta Barakaldoko Makineriaren Egiaztapen Zentroa eskualdatzeko akordioa lortzeko asmoz, bi gobernuek elkarri testuak bidali eta trukatu dituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Lana albisteak Espainiako Gobernua albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak EAEko Autonomia Estatutua