Politika -

PSE-EE-ren Kongresua

Eneko Andueza: "Lehendakaritzara eramango gaituen bideari ekingo diogu gaur, hemen eta orain"

PSE-EEko idazkari nagusiaren ustez, "historiarako kongresua" izan da, "ilusioaren, indarraren, ideien eta itxaropenaren kongresua". Horren aburuz, PSE-EE Euskadiren etorkizuna gidatzeko "gai da eta prest dago".

Eneko Andueza, gaur, Kursaalen. EFE.
Eneko Andueza, gaur, Kursaalen. EFE.

''Gaur, hemen eta orain, euskal sozialistok Lehendakaritzara eramango gaituen bideari ekingo diogu''

0:09

Agentziak | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren arabera, PSE-EE prest dago "herri honen lema" berriro hartzeko, Euskadik berriro "lehendakari sozialista" izan dezan. "Euskadik gobernu sozialista berriro izateko lehen pausoa ematen ari gara gaur", esan du.

PSE-EEren 10. Kongresuaren azken egunean Anduezak adierazi duenez, "historiarako kongresua" izan da, "ilusioaren, indarraren, ideien eta itxaropenaren kongresua". Horren aburuz, PSE-EE Euskadiren etorkizuna gidatzeko "gai da eta prest dago". 

PSE-EEko buruak eskerrak eman ditu Zuzendaritzari emandako babesagatik, "zuzendaritza berritua" aukeratu baitute, "aurpegi berriak eta errealitate berrien neurrira diseinatutako idazkaritzak" izango dituena. "Gure zerbitzu-orrian kapitulu distiratsu bat idazteko prest dagoen exekutibo berri bat" hautatu dutela nabarmendu du. 

Horren ustez, posible da "alderdia are gehiago hazaraztea", militantzian eta taldeetan, gaitasunean, ikusgarritasunean eta babes sozialean, "Euskadik gero eta gobernu sozialista gehiago izan ditzan".

Sozialisten helburua jendearentzat benetan kezka-iturri diren arazoak konpontzea da, hala nola "neurria emango duen Osasun Publikoa", pertsona orok izatea etxebizitza duin baterako aukera, "lan-maila hobeak" eta "lanpostu duinagoak", eta "berdintasun handiagoa" izango duen Euskadi bat eraikitzea, "kalitatezko eskola eta unibertsitate publikoak" bultzatuko dituena.  

Anduezak esan du Euskadi haztea nahi duela, "baina ez beste erkidego batzuk hazten diren moduan", "zerbitzu publiko sendoak" nahi baititu, "ez gutxien dutenen lepotik" garatua. 

"Nik ez dut nahi osasuna pribatizatuta duen Euskadi bat, nik ez dut nahi ikasleek barrakoietan klaseak emango dituen Euskadi bat, nik ez dut nahi eguneko jatordu bakarra eskola-jantokikoa duten haurrak dituen Euskadi bat, nik ez dut nahi indarkeria matxista ukatuko duen Euskadi bat, eta nik ez dut nahi adinekoak egoitzetan hiltzen utziko dituen Euskadi bat", gaineratu du.

Horrez gain, nabarmendu du sozialistek helburu dutela "modernoagoa eta lehiakorragoa" izatea, erabakiguneak Euskadin gelditzearen alde eginez, lurralde-kohesiorako azpiegiturak sustatuz eta turismoa, besteak beste, egoki kudeatuz. "Finean, sozialisten zigilua izango duen Euskadi duinagoa" aldarrikatu du, "geu izan baikara herri honen historia, modernitatea, garapena eta eraldaketaren zati handi bat idatzi dutenak". 

Talgori buruz ziurtatu duenez, PSE-EE azken hilabeteetan lanean aritu da enpresa "Euskadin gera dadin eta gure ekonomiaren bultzatzaile izan dadin". "Inork ez dezala bere gain hartu meritu hori, Talgok Euskadin jarraitzearen meritua sozialistena baita", horren arabera.

"Egonkortasunaren gakoa"

Eneko Anduezak adierazi duenez, sozialistak, "herri honen etorkizunean erabakigarri izateaz gain, egonkortasunaren giltza" dira gobernuek gehiengoak izan ditzaten, "politika kontu garrantzitsuetan zentratzeko, ameskerietan ibili gabe".

Anduezak adierazi du "bestelako Euskadi bat" nahi duela, "Euskadi aske bat, baina egiazko askatasuna duena, ez kainak hartzekoa", "irainek, xenofobiak eta homofobiak tokirik ez duten Euskadi bat, memoria eta duintasuna" izango dituena, "ezberdinak ere bere tokia izango duen Euskadi bat".

"Ez dugu nahi, beste batzuek bezala, fronte komunen Euskadi. Iraganean gertatu zen hori, eta badakigu nola amaitu zen. Zertara datoz orain fronte komunak? Zertara dator, berriro ere, lubakien eta konfrontazioaren garaira itzultzea? Guk ez dugu nahi, eta euskal gizartearen gehiengoak ere ez du nahi. Beraiek dira konturatu ez diren bakarrak Euskadin jendea askoz gehiago identifikatzen dela Pedro Sanchezen Espainiarekin, haien Euskal Herriarekin baino", esan du.

Euskadiren eta Kataluniaren erruagatik Espainia hautsi egingo zela ziotenei zuzenduta, PSE-EEko buruak nabarmendu du hautsi beharrean "askoz ere indartsuago" direla orain PSE-EE eta PSC, eta "independentismoa minimo historikoetan" dagoela. "Fronte komunen kontua ez ote dator Euskadin hauteskunde orokorrak irabazteko gai ez direlako? Euskadik iraganera begiratu dezake, soilik egian oinarritutako memoria eraikitzeko", adierazi du.

"Amets hura errealitate bihurtu zen"

Azkenik, PSE-EEk Donostian egin zuen azken kongresua duela 23 urte izan zela gogorarazi du, "terrorismoaren mehatxupean" zeudenean. "Gurekin ez dauden guztiak" gogoratu ditu, baita "euren ideiengatik eta herri honengatik bizia eman zuten sozialista guztiak" ere, eta ziur agertu da "harro" egongo liratekeela gaur egungo sozialistez, "gaur esan baitezakegu gu garela sozialismoaren arrakastaren adibiderik onena" eta "gure historian zehar egin dugun guztiak merezi izan duelako". 

"Duela 23 urte, kongresu honetatik atera ginen herri hau gidatzearekin eta lehendakari sozialista bat edukitzearekin amets eginez. Eta amets hura errealitate bihurtu zen. Gaur, 23 urteren ostean, bakean eta askatasunean, ilusio eta amets berarekin atera gaitezen kongresu honetatik. Gaur, orduan bezala, amets hori egia bihurtzeko lehen pausoa eman dugu", esan du bere hitzaldia amaitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Eneko Andueza