Politika -

PSE-EE kongresua

Anduezak PSE-EEren idazkari nagusi izaten jarraituko du, Batzorde Exekutibo kontinuista baten buru

PSE-EEko idazkari nagusiak batzorde berriaren proposamena aurkeztu die igande goizean PSE-EEren 10. Kongresuko ordezkariei. Batzorde kontinuista da, aurreko 26 kideetatik zortzik baino ez baitute utziko taldea. Kongresuko parte-hartzaileen % 95,2k babestu dute zerrenda.

Eneko Andueza, igande honetan, Kursaalen. EFE.
Eneko Andueza, igande honetan, Kursaalen. EFE.

Eneko Andueza, igande honetan, Kursaalen. EFE.

Agentziak | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEren zuzendaritza berriak euskal sozialisten 10. kongresuan parte hartu duten ordezkarien % 95,17ren babesa jaso du, eta Eneko Andueza berretsi du idazkari nagusi kargurako.

Batzorde Federalerako zerrenda botoen % 96,98rekin onartu dute, eta Etika Batzordearena, % 97,58rekin. Halaber, Batzorde Nazionalerako zerrenda aldarrikatu dute, botoen % 96,07 jasota.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak konfiantzazko lagunekin osatu du Batzorde Exekutiboa, izaera kontinuista izango duena. Orain arteko karguetan jarraituko dute, esaterako, Miguel Angel Moralesek, Begoña Gilek, Ekain Ricok eta Pau Blasik.

PSE-EEko idazkari nagusiak batzorde berriaren proposamena aurkeztu die igande goizean PSE-EEren 10. Kongresuko ordezkariei. Batzorde kontinuista da, aurreko 26 kideetatik zortzik baino ez baitute utziko taldea, baina jarraitzen duten batzuk sailez aldatuko dira.

Berritasun nabarmen bat du PSE-EEren Batzorde Exekutiboak, presidente figura berreskuratu baitu. Arabako sozialisten buru den Cristina Gonzalezek beteko du postu hori. Horrez gain, Batzordean jarraituko dute Miguel Angel Moralesek Antolakuntza idazkari gisa eta Begoña Gilek Erakunde Politiketako idazkari gisa. 

Ekain Ricok Politika Autonomiko eta Politika Publikoetako idazkari karguan jarraituko du, eta Pau Blasik, Ikasketa, Programa, Prestakuntza eta Euskara idazkari karguan. Denis Itxasok ere Batzorde Exekutiboan jarraituko du, baina Etxebizitza arloaz arduratuko da. 

Batzorde Exekutiboa.

Batzorde Exekutiboa.

Berrikuntza nagusietako bat Jon Nogales Arabako foru diputatua Politika Ekonomiko eta Eraldaketa Digitaleko Idazkaritzan sartzea da.

Batzordean sartuko dira, halaber, Susana Garcia Chueca Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren arduradun gisa, Ana Lopez Uralde Berdintasuneko idazkari gisa, Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultura arloko buru gisa eta Paula Somalo Landa Ingurune, Nekazaritza, Arrantza eta Abeltzaintzako ardurekin.

Zuzendaritza berria honako hauek osatuko dute: Patricia Campelo (Unibertsitateak, Berrikuntza eta Ikerketa), Maria Jesus San Jose (Justizia, Memoria Demokratikoa eta Bizikidetza), Teresa Laespada (Enplegua eta Gizarte Politikak), Maider Lainez (Industria eta Kanpo Ekintza), Carmen Diaz Perez (Aniztasuna), Daniel Senderos (Trantsizio Ekologikoa eta Klima Aldaketa), Sonia Perez Ezquerra (Merkataritza) eta Gabriel Blanco (LGTBi).

Halaber, Maider Etxebarria, Mikel Serrano, Cristina Laborda, Beatriz Gamiz, Ane Oyarbide, Alfredo Retortillo, Rafaela Romero, Javier Seoane, Isaac Palencia eta Jesica Ruiz ere izango dira Batzorde Exekutiboko kide.

Bestalde, Batzordea utziko dute Nora Abetek (Zuzendaritza Federaleko kidea), Jose Antonio Santanok, Tontxu Rodriguezek, Azahara Dominguezek, Ernesto Gascok eta Marisol Garmendiak, besteak beste.

PSE-EEren zuzendaritza berria 30 kidek osatuko dute (horietatik 18 emakumezkoak dira, eta 12 gizonezkoak), eta horien batez besteko adina 47 urtekoa da.

Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak eta Eneko Andueza euskal sozialisten buru berrautatuak eman diote amaiera Kongresuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Alderdi politikoak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Eneko Andueza