Politika -

Etxebizitza

Nafarroako Gobernuak eta UPNk Sarrigurenerako etxebizitza plan bana aurkeztu dute, egun berean

Gobernuak iragarri du 4.000 etxebizitza babestu eraikiko direla udalaz gaindiko eragin-planaren bidez. 5.000 etxebizitzako beste plan bat proposatu du UPNk, erdiak babestuak. Sarriguren duela 20 urte sortu zen, eta egun 16.000 biztanle ditu; bi proiektu horiek ia bikoiztu egingo lukete biztanleria.

Maria Chivite, gaur. Argazkia: Nafarroako Gobernua.
Maria Chivite, gaur. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Maria Chivite, gaur. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitzaren arazoak hartu ditu ostiral honetan Nafarroako arlo politikoaren lerroburu nagusiak, eta egun katramilatsua izan da, gainera; izan ere, toki berean, Sarrigurenen, etxebizitzak eraikitzeko plan bana aurkeztu dute, egun berean: Nafarroako Gobernuak, batetik, eta UPNk eta Eguesibarko Udalak, bestetik. 

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria izan da iragarpena egiten lehena. Sarrigurenen, 50 hektarea inguruko eremuan, 4.000 etxebizitza publiko inguru eraikitzea aurreikusten duen hirigintza-proiektu bat iragarri du, Eguesibarreko Udalarekin batera, legegintzaldi honetan Udalerriaz Gaindiko Eragina duen Proiektu Sektoriala (UGEPS) onartzen denerako, "biztanle-gune hori osatzeko eta mugikortasun-azpiegiturak hobetzeko".

CCOOk etxebizitzari buruz antolatutako jardunaldi batean parte hartu aurretik komunikabideei egindako adierazpenetan Chivitek zehaztu duenez, Gobernuak "% 100ean publikoa" den bizitegi-eremua eraiki nahi du, 50 hektarea inguruko eremuan. "4.000 etxebizitza eraiki ahalko ditugu hor, babestuak denak eta modalitate desberdinetakoak, baita Etxebizitza Zuzendaritza Nagusia osatzen ari den modalitate berrietakoak ere", azaldu du.

Sarriguren handitzea, Chiviteren hitzetan, jasota zegoen egungo bizitegi-eremuaren aurretiazko azterlanetan, eta Iruñerriko Eskualdeko Lurralde Antolamendurako Planaren aurreikuspenekin "bat dator". Horrela, plan berriak Sarrigurengo egungo gunea osatuko du, eta "mugikortasunera bideratutako azpiegitura berriak ekarriko ditu, daudenak osatu eta hobetzeko".

Rueda de prensa de UPN.

Rueda de prensa de UPN.

Bestalde, Chivitek adierazpenak egin aurretik deitutako prentsaurreko batean, UPNk Eguesibarren 5.000 etxebizitza egiteko plan urbanistiko bat aurkeztu du, etxebizitza horien erdiak babestuak, "Iruñeko eta eskualdeko herritarrentzako etxebizitza berrien eskaintza eskasia arintzen lagunduko lukeena".

Proposamena UPNren presidente Cristina Ibarrolak eta Eguesibarreko alkate Xuriñe Peñasek aurkeztu dute, eta, azaldu dutenez, Sarrigurengo herrigunearekin mugakide den 1.176.000 metro karratuko eremuan eraikiko lituzkete, eta "Sarrigurengo egungo garapenaren antzeko hedadura" hartuko luke.

Garapen berri honen onarpena "16 hilabete barru" lor litekeela adierazi du alkateak, eta "ahalik eta arinen" jarduteko helburuz, ostiral honetan bertan ezohiko hirigintza batzorde bat deituko dute.

Elkarrekin aritzeko deia

Nafarroako Ser irrati-kateari egindako adierazpenetan, Oscar Chivite Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak Eguesibarreko Udalari dei egin dio Gobernuarekin elkarlanean aritzeko, proiektua "lehenbailehen eta modu baketsuan" atera ahal izateko.

Ohartarazi duenez, Eguesibarreko Udalak aurreikusitako udal hirigintza planaren aldaketa horrek "legez planaren berrikuspen orokor bat egitera behartuko luke, indarrean dagoen planaren hazkunde aurreikuspenak baino askoz handiagoa delako proposatzen duena". Berrikuspen orokor hori egiteko, bost urte beharko liratekeela kalkulatu du kontseilariak, eta horri diseinu xehatua egin eta hori onartzeko beharko liratekeen beste bi urte gehitu beharko lizkiokete, horren esanetan.

UPNren planteamendua herren geratuko litzatekeela azpimarratu du, ez duelako aurreikusten "irisgarritasuna hobetzeko neurririk dagoeneko arazoak dauden eremu batean", eta "gaur ezagutu ditugun planoen arabera, [UPNren] planak dagoena baino inbutu gehiago sortuko luke", gaineratu du.

Sarriguren udalerri eraiki berria da (2004), eta gaur egun 16.000 biztanle ditu. Bi hirigintza-proiektuek ia bikoiztu egingo lukete biztanleria hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika UPN PSN Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Eguesibar María Chivite Etxebizitza Cristina Ibarrola