Politika -
PSE-EE-REN KONGRESUA
Presidente figura berreskuratuko du PSE-EEk eta Cristina Gonzalez aukeratu du kargurako
Horrenbestez, lehen aldiz emakume batek beteko du PSE-EEren presidente kargua. Egun, PSE-EEren Arabako idazkari nagusia da Gonzalez.
EITB MEDIA
'Euskadi, hemen eta orain' goiburupean, PSE-EEk bere X. Kongresua egingo du asteburuan Donostiako Kursaal jauregian, Eneko Anduezaren bigarren agintaldiari bide emanez EAEko sozialisten buruzagitzan. Iazko abenduan izendatu zuten alderdiko idazkari nagusi eibartarra. Berea izan zen aurkeztu zen hautagaitza bakarra.
Bihar hasi eta igandera arte, ponentziak (politikoa eta antolakuntzakoa) eztabaidatu eta bozkatzeaz gain, exekutibo berria ere hautatuko dute militanteek. Oro har, ez da aparteko aldaketarik aurreikusten, ez maila politiko-estrategikoan, ezta organigraman ere. Baina, bada nobedade bat. Presidente figura berreskuratuko du PSE-EEk eta Cristina Gonzalez (Gasteiz, 1979) Arabako sozialisten idazkari nagusia aukeratu dute kargurako.
Hala, kargu hori hartuko duen lehen emakumea izango da Gonzalez. Aurretik, Juan Iglesias, Eduardo Lopez, Ramon Jauregi, Jose Maria Txiki Benegas, Jesus Egiguren eta Iñaki Arriola egon dira postuan. Botere exekutiborik ez duen figura bat da presidentearena, baina historikoki alderdian pisu handia izan duten pertsonek izan dute ardura hori. 2021etik, Idoia Mendiaren lekukoa hartuta Anduezak idazkaritza hartu zuenetik, ez du presidenterik izan PSE-EEk.
Euskal militantziaren babesa bakarrik ez, PSOEren antolakuntza federalarena eta Espainiako Gobernuko ordezkaritza zabal batena ere jasoko du PSE-EEk asteburuan. Donostian izango dira, besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako Estatuko gobernuburua; Isabel Rodriguez, Oscar Puente, Carlos Cuerpo eta Oscar Lopez ministroak; Savador Illa Generalitateko presidentea; Santos Cerdan PSOEren Antolakuntza idazkaria; eta Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohia.
Orotara, EAEko 86 tokiko batzordeetako 347 delegatuk hartuko dute parte Kongresuan: Bizkaitik 178 joango dira; Gipuzkoatik, 120; Arabatik, 41; eta JSE-Egaz gazte taldearen izenean, 8.
Ostiraleko jardunaldian, Kongresuari hasiera emateko, hainbat mahai-inguru egingo dituzte, eta larunbatean eztabaidatuko dituzte ponentziak. Aurretik, Sanchez presidenteak hitzaldia egingo du.
Azkenik, igandean, zuzendaritza talde berria bozkatu eta aukeratuko da, eta Anduezaren eta Cerdanen hitzaldi banarekin amaituko da Kongresua.