Politika -
Polizia indarkeriaren biktimak
Memoria Garak eta EH Bilduk Gasteizko salatu dute San Frantzisko eliza egoera tamalgarrian dagoela
Kolektibo memorialistak kritrikatu du Zaramaga auzoko elizaren "kontserbazio egoera tamalgarria" dela. Era berean, koalizio subiranistak ohartarazi du elizaren egoera "larria" dela.
EITB Media
Memoria Gara kolektiboak salatu du Gasteizko San Frantzisko eliza "egoera tamalgarrian" dagoela, eta ez dela behar bezala kontserbatu. Elizak Martxoaren 3ko biktimak oroitzeko tokia hartuko du.
"Haize erauntsia ez da eragile bakarra. Urte luzeegiz egon da abandonatua, eta ez da mantenimendurik egin. Premiazkoa da esku-hartze integrala egitea, eta erakundeen borondatea, kalte handiagoak saihesteko", eskatu du kolektiboak X sare sozialean.
Bestalde, EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, Zaramaga auzoko elizaren "egoera larria" dela eta.
Amancay Villalba talde horren legebiltzarkideak deitoratu egin du Espainiako Gobernuak "Memoriaren Leku" izendatuko duen tenpluaren egoera "prekarioa".
"Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak azaldu behar du zer urrats egingo dituen Jaurlaritzak, gai honetan erantzukizunak dituzten gainerako erakundeekin batera, eraikinak premiaz behar dituen egiturazko konponketak egiteko, eta zer finantzazio bideratuko den horretarako", azpimarratu du.
2023ko Estatuko aurrekontuen negoziazioan, EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin 600.000 euroko partida adostu zuela gogorarazi du Villalbak, konponketa horiek finantzatzeko eta Memoriala lehenbailehen martxan jartzeko.
Era berean, EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du 2021ean Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gotzaindegiak sinatu zutela Martxoaren 3ko Memoriala sortzeko protokoloa.
"Bada garaia erakundeak gai hau serio hartzen hasteko", aldarrikatu du.