Politika -

Auzitegi Gorena

Fiskalak bere aurkako auzibidea ireki zen egunean ezabatu zituen WhatsAppeko mezuak, Guardia Zibilaren arabera

Gainera, "ezin izan dira datu interesgarriak berreskuratu, Google Driveko kontua nahita ezabatu" zelako.

Alvaro Garcia Ortiz (eskuinean). Argazkia: EFE
Alvaro Garcia Ortiz (eskuinean). Argazkia: EFE

Alvaro Garcia Ortiz (eskuinean). Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilaren Talde Operatibo Zentralak beste txosten bat bidali dio Angel Hurtado Auzitegi Goreneko magistratuari, eta horren bidez ziurtatu dio Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiak urriaren 16an ezabatu zituela, bitan, WhatsAppen zituen mezuak; epaileak bere aurkako auzibidea ireki zuenean, hain zuzen ere.

EFE albiste-agentziak txosten horretan oinarrituta zabaldu duenez, martxoaren 8tik 14ra arte fiskal nagusiak egin zituen deiak aztertu dituzte, urriaren 30ean haren bulegoa miatu zutenean atzeman zituzten gailuetan.

Talde Operatibo Zentralaren arabera, "ez da urriaren 16a baino lehenagoko mezurik aurkitu WhatsApp aplikazioan".

Guardia zibilek gaineratu dutenez, "elkarrizketetako mezuak nahita ezabatu" zirelako ez da mezurik ageri, eta "bitan ezabatu ziren urriaren 16an".

Angel Hurtado magistratuak egun horretan bertan ireki zuen fiskal nagusiaren aurkako auzibidea sekretuak azaleratzea leporatuta, Alberto Gonzalez Amador Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen bikotekidearen iruzur fiskalari buruzko ikerketako filtrazioen harira.

Txostenean agertzen denez, gainera, "ezin izan dira datu interesgarriak berreskuratu Google Driveko kontua nahita ezabatu zelako".

Fiskal nagusiak martxoaren 13an mezuak posta elektronikoa ere "duela gutxi ezabatu zuen eta agian berreskuratu daiteke", Guardia Zibilak zehaztu duenez. Hain zuzen ere, posta elektroniko horretan jaso zituen, ustez, auzibidean dauden informazioak.

Era berean, Guardia Zibilak gogorarazi du fiskalak telefonoa aldatu zuela urriaren 23an. Horregatik, "ezinezkoa da urriaren 16a baino lehenagoko mezuak berreskuratzea, ez direlako inoiz egon aztertzen ari" diren gailuan.

Epailearen aurrean egindako deklarazioan, fiskalak esan zuen "guzti-guztia" ezabatzen duela, eta "maiz" egiten duela, "oso datu esanguratsuak" dituelako. "Nik ezin dut inola ere nire informazioa duen gailua galdu edo inoren esku utzi", azaldu zuen.

Deiei dagokienez, ez dago deirik kazetariekin, Moncloarekin ezta Ferrazekin ere martxoaren 13an, El Mundok filtrazioaren berri eman zuenean.

Soilik kazetari baten deia dago 21:38an, baina zuen erantzunik jaso. Informazioa argitaratu zuen kazetarietako bat da, gainera.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak