Politika -
Barne-ikerketa
Juntsek ikerketa abiatu du, Europako Parlamentuko aholkulari ohi batek Comin salatu ostean jazarpenagatik
Toni Cominek ukatu egin du ahokulari ohiari "inolako jazarpen edo tratu txar psikologiko edo sexualik" egin izana.
Agentziak | EITB Media
Juntsek ohar bat kaleratu du ostiral honetan, Europako Parlamentuan aholkulari ohi batek Toni Comin jazarpen psikologiko eta sexualagatik salatu duela jakinarazi ostean La Vanguardia egunkariak. Juntsek azaldu duenez, "barne-ikerketarako mekanismoak abiatu" zituen salaketaren berri izan zuenean.
Halaber, alderdiaren arabera, barne-ikerketa amaitutakoan, "beharrezkoak diren neurriak hartuko dira". Era berean, salaketa jarri duen pertsonarekin eta Cominekin harremanetan jarriko direla gaineratu du.
"Salaketa Europako Parlamentuan aurkeztu ondoren, gertakariak argitzea espero dugu, eta Juntsek bere ikerketa hasiko du", adierazi du Juntsek.
Cominek ukatu egin ditu akusazioak
Toni Cominek ukatu egin du ahokulari ohiari "inolako jazarpen edo tratu txar psikologiko edo sexualik" egin izana.
"Albisteak aipatzen dituen gertakarietako batzuk erabat desitxuratuta daude, eta txantxei eta iruzkinei buruzkoak dira, agintaldian eraikitako konfiantza- eta adiskidetasun-harremanaren esparruaren barruan egindakoak dira", azaldu du ohar baten bidez.
"Akusazioen larritasunaren aurrean, nere errugabetasuna eta jokabidearen zuzentasuna ohoragarria dela frogatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditut", gaineratu du.