Politika -

Bost gutun

Parisko eraikina Estatuari itzultzea eskatzen duen Abascalen eskutitz bati erantzun dio Ortuzarrek

Zehazki, eskuin muturreko alderdiko buruzagiak gutunak bidali dizkie Espainiako Gobernuari, EAJri eta Cervantes Institutuari, besteak beste. Abascalen gutuna "hanka-sartzeetan gezurretan bezain emankorra" dela dio EBBko presidenteak.

EAJren ordezkaritza bat Parisko Marceu etorbideko eraikinaren aurrean. Irudia: EITB
EAJren ordezkaritza bat Parisko Marceu etorbideko eraikinaren aurrean. Irudia: EITB

EAJren ordezkaritza bat Parisko Marceu etorbideko eraikinaren aurrean. Irudia: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santiago Abascal Vox alderdi ultraeskuindarreko buruzagiak gutunak bidali dizkie Espainiako Gobernuari, EAJri eta Cervantes Institutuari, nazismoak konfiskatu ostean Espainiako Gobernuak alderdi jeltzaleari itzuli dion Parisko jauregitxoa itzultzea eskatzeko.

Hain zuzen ere, Abascalek bost mezu bidali dizkie Maria Jesus Montero Ogasun ministroari, Andoni Ortuzar EAJko presidenteari, Estatuko Ondarearen zuzendari nagusiari, Cervantes Institutuko Administrazio Kontseiluko presidenteari eta Pariseko Institutuko zuzendariari, "Parisko eraikinaren titulartasuna Estatuari itzultzea" eskatzeko.

Abascalek "Estatuko ondasun baten legez kanpoko usurpazioa" salatu du idatzietan, eta Voxeko buruzagiak erantzukizunak Justiziaren aurrean argitzeko mehatxua ere egin du, jauregitxoa itzultzen ez badute, Voxek jakitera eman duenez.

Alderdi ultraeskuindarrak astelehenean iragarri zuen Ministroen Kontseiluaren aurkako kereila bat, prebarikazio eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, EAJri Parisko eraikina itzultzearen kontura. Jauregitxo horrek Eusko Jaurlaritzaren egoitza hartu zuen erbestean, eta une honetan Cervantes Institutuaren egoitza hartzen du Frantziako hiriburuan.

Andoni Ortuzar EBBko presidenteak ultraeskuineko buruzagiari erantzun dio beste gutun batean. Abascalen gutuna "hanka-sartzeetan gezurretan bezain emankorra" dela azpimarratu du jeltzaleak.

"Zure gutuna oraindik ez da Sabin Etxera iritsi paperezko formatuan, Correosek buloak, fake newsak edo gezurrak dituzten agiriak antzemateko eta zirkulaziotik kentzeko iragazki motaren bat ez duelako gainditu", adierazi du buruzagi jeltzaleak.

"Zure gutuna nire esku dago, zu buru zaituen alderdiak asmatu eta antolatu duen lokatzezko, gorrotozko eta gezurrezko ekosistema digitalak duen eraginkortasun ospetsuari esker. Zoritxarrez, zeharo fidagarria gertatzen ari da estatu-nazioko giro politiko eta soziala arnastu ezin izateraino intoxikatzeko asmo maltzurrean", aurpegiratu dio Abascali.

"Ez dut gogoko, ez dut gogorik lerro hauek zuri idazteko, baina nire deserosotasunak ez du garrantzirik betebehar moralaren, beharrezko oreka politikoaren eta gizartearen eskakizunen aurrean, hau da, egia, egitate eta ebidentzia publiko bat erakustearen aurrean; faltsukeria sorta bat baino ez duzu idatzi eta", erantsi du.

Gainera, "frankisten espoliazioa ezkutatzeko" historia desitxuratzen saiatzea leporatu dio Ortuzarrek Voxi, eta "egia ukaezina" dela eta EAJk "bere jabetza itzultzeko eskubidea" duela gaineratu du.

Azkenik, Ortuzarrek esan du ez duela espero "Voxek historia manipulatzeari uztea". Buruzagi jeltzaleak argi utzi du "EAJk ez duela egia desitxuratzen utziko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Andoni Ortuzar Paris Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Memoria Historikoa Vox Santiago Abascal