Politika -
Kanpo Harremanak
Euskadi nazioartekotzean jauzi kualitatibo berria ematea beharrezkoa dela azpimarratu du lehendakariak
Euskadi Globalak ardatz gisa izango ditu sare eta aliantza estrategiko berriak sortzea eta indartzea, Europan erabakiak hartzen diren mahaietan ahots propioa izatea, enpresa ekosistemaren alde egitea Euskadira inbertsio eta talentua erakartzeko eta diasporarekin batera ekimenak sustatzea.
EITB Media
Imanol Pradales lehendakariak Euskadi Globala Estrategia aurkeztu du Pasaiako Albaola Faktorian egindako ekitaldian. Bertan, Euskadi nazioartekotzean jauzi kualitatibo bat ematea beharrezkoa dela nabarmendu du, Euskadi etorkizuneko erronka global handietara prest egon dadin. Adierazi du Euskadi "mundura ateratzen den herrialdea izatetik munduan partida jokatzen duen herrialdea izatera" igaro behar dela.
Estrategia berria aurkezteko XVI. mendeko gizon-emakumeak gogora ekarri ditu hitzaldian Pradalesek, eta haien eredua jarraitzearen alde agertu da. "Euskadik historian zehar izan duen nazioarteko bokazioa" gogorarazi du, eta "aurrean ditugun aukerak" aprobetxatzearen alde egin du. "Berriro kokatzea tokatzen da", esan du.
Adierazi duenez, "aro berri, zalantzazkoago eta konplexuago baten jaiotzaren aurrean", Euskadik "bere lekua aurkitu behar du datorren testuinguru horretan", Europa "oinarrizko kanpaleku" gisa hartuta. Estrategia berriak "etorkizuneko nazioarteko erronken aurrean Euskadi prest egon dadin" du helburu.
Euskadi Globalak ardatz gisa izango ditu sare eta aliantza estrategiko berriak sortzea eta indartzea, Europan erabakiak hartzen diren mahaietan ahots propioa izatea, enpresa ekosistemaren alde egitea Euskadira inbertsio eta talentua erakartzeko eta diasporarekin batera ekimenak sustatzea. Era berean, estrategia horren baitan kokatzen da Europar Batasunarekin Euskadik duen harremana.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde, elkarte eta ekonomia arloko ordezkaritza zabalak parte hartu du aurkezpenean.