Politika -

Plaza Hutsa 2025

Sortuk nazio eraikuntza aztertuko du otsailaren 22an Andoainen, aniztasunaren ikuspegitik abiatuta

"Hurrengo urteetan immigrazioaren fenomenoari emango diogun erantzunak egingo gaitu herri gisa", ohartarazi du Xabi Iraolak Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egindako aurkezpenean.

Xabi Iraola eta Oihana San Vicente, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Irudia: Sortu
Xabi Iraola eta Oihana San Vicente, Sorturen Idazkaritza Nazionaleko kideak, Andoainen.

Xabi Iraola eta Oihana San Vicente, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Irudia: Sortu

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sortuk otsailaren 22an Andoainen (Gipuzkoa) egingo du "nazio eraikuntzan lan egiten duten ezkertiar eta independentisten" topaketa, Plaza Hutsa 2025, kultur eta jatorri aniztasuna ardatz hartuta.

Xabi Iraola eta Oihana San Vicente Sorturen Idazkaritza Nazionalaren kideek Plaza Hutsaren 2025eko edizioaren berri eman dute, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egindako prentsaurrekoan.

Bertan adierazi dutenez, "Euskal Herrian zabaltzen ari den ziklo politiko berrian herri proiektu bateratu bat irudikatzeko eta egungo erronka handiei batera heltzeko garaia da".

Horretarako, otsailaren 22an Plaza Hutsa egingo da Andoainen, "nazio eraikuntzan lanean ari diren ezkertiar eta independentisten topaketa".

Parte-hartzaileek "Euskal Herriko ziklo politiko berria nazio eraikuntzatik nola indartu aztertuko dute, kultura eta jatorri aniztasuna gai nagusitzat hartuz", azaldu dute Sortuko kideek.

Iraolak zerumugan irekitzen diren "erronka ikaragarriak" aipatu ditu, eta azpimarratu du, hain zuzen ere, kultura eta jatorri aniztasuna dela nagusietako bat. "Hurrengo urteetan immigrazioaren fenomenoari emango diogun erantzunak egingo gaitu herri gisa", ohartarazi du.

Gainera, gaia sakontzeko, sarrera hitzaldia egingo da, 'Bidaide. Kultura eta jatorri aniztasuna euskal nazio eraikuntzan' izenburupean.

Ondoren, bost hitzaldi izango dira, aniztasuna jorratzeko: euskara, hezkuntza, inklusioa, arlo sozioekonomikoa eta erreakzio autoritarioa. Izena emateko epea ireki dute dagoeneko.

Iraolak eta San Vicentek azaldu dutenez, "Euskal Herrian hegemoniaren aldeko borrokaren fase berri batean gaude, besteak beste, ezker independentistaren hazkunde eta sendotzearen ondorioz; gai nazionalari buruzko eztabaida eta estatus politikoa eguneratzeko aukera zabalik daude; eta euskal preso politikoen egoera behin betiko konpontzeko benetako aukera dago".

"Mugarri baten beharra dugu euskal naziogintza eraldatzailearen prozesuan, inertziak hautsiko dituen arnasberritzea", defendatu dute, eta, horretarako, "gutxieneko osagai komunak izango dituen herri proiektu bat imajinatzeko" deia egin dute, "erantzukizunak hartuz eta batera erantzunez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Migrazioa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Andoain Albisteak