Politika -

MIGRAZIOA

Adingabeen banaketa "ekitatiboa" eta adierazle "objektiboetan" oinarrituta egitea eskatuko du Jaurlaritzak

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren arabera, gurasorik gabe iristen diren adin txikiko migratzaileei harrera egiten dieten autonomia erkidegoei ekarpen ekonomikoa egin beharko zaie.

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariordea, gaur, Euskadi Irratian
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariordea, gaur, Euskadi Irratian
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariordea, gaur, Euskadi Irratian

play icon 27:19

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bidaiderik gabeko adingabe migratzaileak autonomia erkidegoen artean banatzeko Espainiako eta Kanarietako Gobernuek iragarritako akordioa albiste ona dela nabarmendu du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, formula juridikoa ezagutu zain. Adin txikiko horien banaketa "ekitatiboa" eta adierazle "objetiboen" arabera egitea eskatuko du Jaurlaritzak, eta ardura bere gain hartzeagatik ekarpen ekonomikoa jasotzea.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan Ibone Bengoetxeak azaldu duenez, itxura guztien arabera, Espainiako eta Kanarietako Gobernuen arteko akordioa oinarri hartuta onartuko den errege dekretuak "eskatutakoari erantzuna emango dio".

Hala ere, adin txikiko migratzaileen banaketa irizpide zehatz batzuen arabera egin behar dela iritzi dio Eusko Jaurlaritzak. Batetik, "banaketa ekitatiboa egon behar da eta adierazle objektiboetan oinarrituta", eta, bestetik, "orain arte harrera egin dugu erkidego honi, Euskadiri, ekarpen ekonomiko bat egin beharko zaio".

Euskadik "solidario" izaten jarraituko duela nabarmendu du Bengoetxeak, baina "horrek ez du esan nahi gure eskumenak eta aldarrikapenak eskatuko ez ditugunik". 

Bestalde, euskara eskakizunen aurkako azken epaiagatik minduta hitz egin du Bengoetxeak, besteak beste, euskararen indarra gazteleraren parean jartzen duelako. Aitzitik, hizkuntza gutxitua den neurrian euskarak diskriminazio positiboa behar duela aldarrikatu du. EAEko Justizia Auzitegi Gorenak berretsi egin du Bizkaiko Foru Aldundiak administrazio alorreko 77 lanposturako jarritako euskara eskakizunaren aurka Bilboko epaitegi batek kaleratutako epaia, eta, ondorioz, lan eskaintza publikoa errepikatu  beharko du.

Azkenik, Gotzone Sagardui 2020-2024 legealdian Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu izandakoa Vithas Vitoria ospitaleko zuzendari medikoa izendatu ondotik sortutako eztabaidaren harira, prozedura bete dela eta "bateragarria" dela nabarmendu du Bengoetxeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Migrazioa Euskal Herria Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Irratia euskaraz