Politika -
Osasuna
Gotzone Sagardui sailburu ohia izendatu dute Gasteizko Vithas klinika pribatuaren zuzendari mediko
Alberto Martinez Osasun sailburuak azpimarratu du Osakidetzak ez duela klinika horrekin "inongo harreman komertzialik, eta etorkizun hurbilean ere ez da halakorik egongo". Oposizioak izendapena gaitzetsi du.
Agentziak | EITB Media
Gotzone Sagardui 2020-2024 legealdian Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu izandakoa izendatu dute Vithas Vitoria ospitaleko zuzendari medikoa. Gasteizko klinika pribatu garrantzitsuenetako bat da Vithas.
Eusko Jaurlaritza utzi zuenetik, urte erdira heldu da izendapena. Tarte honetan, EHUko Bizkaiko campuseko gerenteordea izan da, funtzionarioa baita.
Izendapenak Eusko Jaurlaritzaren Bateraezintasun Batzordearen oniritzia jaso du, klinika horrek ez baitu hitzarmenik Osakidetzarekin.
Hain justu, auziaz galdetuta, Alberto Martinez egungo Osasun sailburuak jakinarazi du iraganean ez dela "inongo harreman komertzialik" izan klinika horrekin, eta atzo bertan jakinarazi ziela "etorkizunean ere ez dela halakorik egongo".
EH Bildu: "sorpresarik ez"
Bestelako iritzia du EH Bilduk. Nerea Kortajarena koalizio abertzalearen bozeramailearen aburuz, izendapena "oso larria da", eta Sagardui sailburu izan zen garaian osasungintza pribatuaren alde egindako "lanari emandako saria" da.
"EH Bilduko kideek konpartitzen dugu euskal herritar askoren haserrea. Sorpresarik ez; halakoak tamalez gertatzen dira, gertatu izan dira, eta ez dira azkenak izango", deitoratu du.
Kortajarenak galdea egin dio Imanol Pradales lehendakariari sailburu izandako bat pribatura joateak "bat egiten ote duen" legealdi hasieran planteatu zuen itun etiko horrekin. Lehendakariaz gain, EAJ, PSE-EE eta egungo sailburua ere interpelatu ditu EH Bilduko kideak. "Osakidetza egoera kritikoan dagoen unean, buelta emateko ahalegin kolektibo handiarekin, halako berriak kontrako norabidean doaz", erantsi du.
EH Bilduren iritzian, "hau legala dela esango digute, baina ez da etikoa, ez estetikoa, eta ez da doanik gertatzen. Ezin ditugu normalizatu normalak ez diren gauzak".
Horren aurrean, "politika egiteko beste modu bat" defendatu du. "Rebeka Ubera eta biok ez gaituzue ikusiko osasungintza pribatuan", argudiatu du.
Gainera, Gotzone Sagardui Gasteizko klinika pribatu batean kontratatzeko baimena ematea ebatzi duen espediente osoaren kopia eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari, "prozedura mota horietan legez nahitaezkoak diren txosten guztiak barne hartuta".
Sumar Mugimenduak "ate birakariak" salatu ditu
Alba Garcia Sumar Mugimenduaren koordinatzaile nagusiak kritikatu duenez, Gotzone Sagardui Osasun sailburu ohia ospitale pribatu baterako izendatu izana "EAJren lerroetan ate birakarien kasu berri eta lotsagarria da".
X sare sozialean egindako argitalpen batean, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia Gasteizko ospitale pribatu bateko zuzendari mediko berri izendatu izana kritikatu du Garciak.
"Nola deitzen diogu honi? Ate birakarien kasu berri eta lotsagarri bat EAJren lerroetan", azpimarratu du.
Euskadiko PP, "adi"
Javier de Andres EAEko PPrem presidenteak esan du bere alderdia "adi" egongo dela Gotzone Sagardui Osasun sailburu ohia ospitale pribatu baten zuzendari mediko izendatzeak "osasun publikoaren eta osasun pribatuaren arteko harreman legitimo bati" legokiokeenaz bestelako ondoriorik ote duen ikusteko.
Hala ere, de Andresek gaineratu du: "Adi egongo gara horrek gerora eraginik izan dezakeen egin daitezkeen hitzarmenetan" eta "osasun publikoaren eta osasun pribatuaren arteko harreman legitimo bati legokiokeenaz bestelako ondoriorik ote duen".
Sagardui, "pertsonen osasuna zaintzeko duen bokazioari leial"
Sailburu ohiak ziurtatu du Vithas Vitoria ospitale pribatuaren zuzendari mediko izendapenari "leial" ekingo diola, "pertsonen osasuna zaintzeko duen bokazioari".
Sailburu ohiak azpimarratu du etapa berriari "ilusio handiz" ekingo diola, "sektoreak garai hauetan dituen erronkez jabetuta" eta "pertsonen osasuna zaintzeko duen bokazioari leial", gaineratu du oharrak.