Politika -
MIGRAZIOA
Espainiako eta Kanarietako Gobernuek 10 egunetako epea eman diote elkarri adingabeen banaketa konpontzeko
Imanol Pradales lehendakariaren arabera "albiste ona" da eta "aurrerapauso nabarmena". "Ondo goaz, norabide positiboan", gaineratu du.
Agentziak | EITB MEDIA
Espainiako zein Kanarietako gobernuek 10 eguneko epea eman diote elkarri bidaiderik gabeko adingabe migratzaileen banaketa adosteko. Kanarietako Gobernuaren arabera, 4.000 adingabe irletatik lekualdatuko lirateke, eta 400 Zeutatik, Atzerritarren Legea aldatu gabe.
Fernando Clavijo Kanarietako presidentearen arabera, Espainiako Gobernuak "zenbat ñabardura" ditu beraiek bidalitako proposamenari dagokionez eta, adostu dutenez, hurrengo 10 egunetan bi aldeetako zerbitzu juridikoek "testu itxia" izango dute, Estatuaren Abokatutzak eta "Estatu Kontseiluak" azter dezaten.
Presidente autonomikoa pozik agertu da "epe konkretuak" ezarri direlako, "horrek konfiantza ematen du" testua lortzeko, bere ustez. Gero, azterketa juridikoak egin beharko dira eta Kongresuko talde politikoen babesa bilatu.
"Lege dekreturako baliozkotzea da behar-beharrezkoa orain, baina aztertu behar da zein den lege-figurarik egokiena" adierazi du Clavijok.
Aztertu dituzten ñabardura juridikoen arabera, adierazi du autonomia erkidegoen konpetentzien inbasioarekin dutela lotura, Euskadiko eta Kanarietako gobernuek aurkeztutako ekimenak (Zeutakoarekin batera) adingabeen zaintza erkidego batetik bestera eskualdatzean datzalako.
Ekimenak aurrera egiteko duen itxaropenari buruz galdetuta, Clavijok adierazi du oso zaila dela baikorra izatea "horrenbeste denboraren ostean". PPren balizko babesaren inguruan (Kanarietako gobernuan elkarrekin dihardute), azpimarratu du "gustatuko" litzaiokeela Espainiako Gobernura heltzeko aspirazioa duen alderdi baten postura izatea.
"Inor ezin da egon Kanarietan dugun larrialdi egoera hobetzearen aurka", esan du Clavijok.
"Ondo goaz, norabide positiboan"
Imanol Pradalesek adierazi du "albiste ona, aurrerapauso nabarmena" dela, Kongresuan gehiengoak lortuz gero, "adingabe migratzaileak banatzeko aparteko neurria aplikatzeko", Kanarietan eta beste lurralde batzuetan gertatzen dela adierazita. Azpimarratu duenez, "banatzeko metodologia" ezartzea da helburua, eta akordioa "oso garrantzitsua" dela ondorioztatu du.
"Baikorra izan nahi dut gaur, aurrerapauso nabarmena eman dugulako Kanarietako eta Euskadiko gobernuek mahai gainean jarri genuen ekimenari esker", adierazi du.