Politika -

EUSKADI IRRATIA

Esteban: "Trantsizioa goratu arren, PSOEk aukera asko galdu ditu Estatuko egiturak aldatzeko"

Espainiako Gobernuak gaur ekingo dio Franco diktadorea hil ondoren Estatuak izan duen garapena nabarmentzeko ekitaldi sortari. EAJk kezka agertu du, ekitaldiok eskuin muturrari hauspoa emateko balio dezaketela iritzita. "Ez dakit zer goraipatu nahi den", esan du Aitor Esteban EAJren diputatuak.

Aitor Esteban, gaur, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB Media
Aitor Esteban, gaur, Euskadi Irratian.
Aitor Esteban, gaur, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kritiko agertu da Aitor Esteban EAJren eleduna Kongresuan, Espainiako Gobernuak Franco hil zela 50 urte igaro direnerako antolatu duen ekitaldi sortaren aurrean. Batetik, Pedro Sanchezen Gobernuak "bere kabuz" antolatu dituelako ekitaldiak, beste taldeekin ezer partekatu gabe, eta bestetik, ez dagoelako oso argi "zer goraipatu nahi den". "Egia esan, Espainiako Gobernuak bere kabuz antolatutako gauza bat da. Halako ekitaldiak, demokraziaren eta giza eskubideen aldarrikapen modura, beste taldeekin adostea da egokiena, eta hori ez da egin", esan du.

Horrez gain, uste du "Franco gora eta behera ibiltzea" eskuin muturrarentzat "lagungarri" izan daitekeela, eta zentzu horretan ere, "kezka" agertu du. Bere hitzetan, gainera, "orain Trantsizioa goratu arren, PSOEk aukera asko galdu ditu" Estatuko egiturak aldatzeko, eta "ausardia falta" ere egotzi die sozialistei. "Estatuko egiturak aldatzeko neurriak ez dira hartu. Euskadiren eta Kataluniaren naziotasunari erantzuna emateko ausartak ez dira izan".

Hori dela eta, EAJk ekitaldiok "neurriz" hartuko dituela azaldu du, eta "ganorazko zerbait" dagoenean, "han" egongo direla adierazi. Aurrez baieztatu bezala, gaurko irekiera ekitaldira —Madrilgo Reina Sofia Museoan egingo da —Estefania Beltran de Heredia senatari jeltzalea joango da, EAJren ordezkari modura. Estebanek aitortu du berak "gonbiterik ez duela jaso".

Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Eusko Jaurlaritzaren Parisko egoitza izan zena EAJri itzultzearen inguruan piztu den polemikaz ere galdetu diote Estebani. Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak EAJri aitortu dio eraikinaren jabetza, nahiz eta Jose Antonio Agirreren Jaurlaritzak erabili. "Hau ez da egon inolako negoziaketari lotuta. Espainiako Gobernua joan da Frantziako artxiboetara eta argi ikusi da nork jarri zuen dirua egoitza hura erosteko. EAJren diruarekin erosi zen (...), Memoria Demokratikoaren Legeak dio atzerrian konfiskatutako ondareak bere jabeari itzuli behar zaizkiola". Hitzokin argitu nahi izan du gaia diputatuak.

Bestalde, energia enpresen gaineko zerga bereziaren inguruan inbestidurako alderdien artean sortutako ika-mikaren gainean, "karga ideologiko handia eta kontraesanak" ikusten ditu Estebanek zenbait alderditan, besteak beste, EH Bildun, eta azpimarratu du "Kontzertuaren bidez lortzen diren diru-bilketa gehienak, industria energetikotik" datozela. "Lortu behar da enpresa horiek inbertsioak egiten jarraitzea. Zer nahi dugu, inbertsioak bultzatzea ala zergapetzea?", galdetu du.

Azkenik, onartu du badirela "pitzadurak" Espainiako Gobernua babesten zuten alderdien artean, eta Podemos eta Junts aipatu ditu. Talde morea "protagonismo" bila ikusten du, eta Kataluniako alderdiari berriz, "nazio dinamikak Madrilera" eramatea leporatu dio. Uste du Sanchezek, oraingoz, Gobernuari eutsiko diola eta "epe laburrean" ez du hauteskunderik ikusten. Nolanahi ere, iritzi dio"demoskopiaren araberakoa" izango dela hori: "Gobernuak ikusten badu emaitza onak aterako dituela, deituko ditu hauteskundeak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV Bizkaia Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia