Politika -
LAPURDI
Ahetzeko bozetara aurkeztu diren hiru zerrendak igaro dira bigarren itzulira
Ramuntxo Goyhetcheren Ahetze Zuekin zerrendak botoen % 38 eskuratu ditu, Ramuntxo Labat-Aramendyren Ahetzenek % 37 eta Laetitia Guesdon-Michauden Ahetze Bihotzean hautagaitzak % 24. Datorren igandean izango da bigarren itzulia.
ASIER ARBELAITZ | EITB MEDIA
Lapurdin, Ahetze herrian, hauteskundeak egin dituzte alkate berria hautatzeko. Maiatzean dimisioa eman zuten Philippe Elissalde Ahetzeko auzapezak eta hainbat zinegotzik, eta ordutik egoera ezegonkorrean egon da Udala. Pirinio Atlantikoetako prefetak hauteskundeak deitu zituen, eta lehen itzulia izan da asteburu honetan. % 59ko parte-hartzea izan da udal hauteskundeetan, eta hiru hautagaiak igaro dira bigarren itzulira.
Ramuntxo Goyhetcheren Ahetze Zuekin hautagaitza nagusitu da, bozen % 38 eskuratuta. Ramuntxo Labat-Aramendy hautagai abertzalearen Ahetzen zerrenda bigarren geratu da, bozen % 37 jasota, irabazleak baino 8 gutxiago. Aurreko auzapezak babesten duen Laetitia Guesdon-Michauden Ahetze Bihotzean zerrenda, berriz, hirugarren geratu da, bozen % 24 bilduta.
Inork botoen % 50 lortu ez dituenez, eta denek % 20ko babesa baina gehiago jaso dutenez, hiru hautagaitzak igaro dira bigarren itzulira. Beraz, datorren igandean aheztarrek bozka-eguna izango dute berriro. Egun horretan boto gehien eskuratzen dituena bilakatuko da Ahetzeko auzapez.