Politika -
BIZKAIA
EAJk salatu du Gernika-Lumon egoera "negargarria" dela eta "erabateko paralisia" dagoela
Bere aldetik, EH Bilduk zentsura mozioa sinatzeko dei egin dio EAJri.
EITB MEDIA
Xabier Irazabal EAJk Gernika-Lumon duen bozeramaileak salatu du herriko egoera "negargarria" dela.
"Paralisia erabatekoa da; gobernua gutxiengoan dago eta ez da gai negoziatzeko eta akordioak lortzeko. Gainera, aurrekontuak luzatuta daude 2022tik", gaineratu du, udal agintaldia baloratzeko egindako prentsaurreko batean.
Jose Maria Gorroño alkatea EAJren babesarekin iritsi zen Alkatetzara, baina hilabetera dimititzea eta makila anaiak hartzea adostuta. Ez zuen horrelakorik egin, ordea, eta alkate izaten jarraitzen du.
"Akats nagusia Gorroñoren hitzarekin fidatzea izan zen", aitortu du EAJren eledunak. "Gehiengo osoarekin gobernatzeko aukera izan genuen, baina hautsi egin zen Gorroñok karguan jarraitu nahi zuelako kosta ahala kosta", gaineratu du.
Duela urtebete, EAJ eta EH Bildu zentsura mozioa adosten saiatu ziren, baina ez zen posible izan. Horren ildotik, Irazabalek azaldu du EH Bilduri "Alkatetza eta gobernu egonkorra" eskaini ziotela, baina koalizio subiranistak "errefusatu" egin zuela eskaintza. "Oso eroso ikusten dut EH Bildu; ez dut egoera konpontzeko borondaterik ikusten, begirada 2027an dutelako jarrita", adierazi du.
EH Bilduk zentsura mozioa sinatzea eskatu dio EAJri
Testuinguru horretan, Gernika-Lumoko EH Bilduk txalotu egin ditu Irazabalen hitzak, eta dei egin dio "urrats ausart eta irmo bat" emateko eta zentsura mozioa sinatzeko, "etorkizunari leihoak parez pare irekitzeko".
"EAJk nahi izanez gero, ordu gutxi barru zentsura-mozioa sinatu eta Gernika-Lumon aro berri bati bide eman ahal izango litzaioke", azpimarratu du EH Bilduk. "Ia dena idatzita dago, sinadurak baino ez dira falta", azpimarratu dute.
EH Bilduk adierazi du herriak bizi duen "paralisi egoeraren azterketa helarazi" ziela abendu erdialdean banatutako aldizkari baten bidez, "jeltzaleen isiltasunaren ondorioz". Koalizioaren arabera herriak bizi duen "paralisiaren konponbide gisa", Gernika-Lumoko alkatetzaren buru izango zen "gobernu berri bat eratzeko" beharra planteatzen zuten.