Politika -
ofizialtasuna
Espainiako Pilota Federazioak auzitara joko du Nazioarteko Federazioak Euskadikoa kidetzat hartu duela eta
Espainiako Federazioaren ustez, erabakia "gehiegikeria nazionalista" da, eta epaitegietan zein Kirolaren Arbitraje Auzitegian errekurrituko du. Euskadiko zein Nazioarteko Federazioek diote erabakia estatutuen araberakoa izan zela, eta Kirol Lege berriak horretarako bidea eman zuela.
EITB Media
Espainiako Pilota Federazioak auzitara joko du Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioak (FIPV) Euskadikoaren ofizialtasuna aitortu duela eta. Horren ustez, erabakia "gehiegikeria nazionalista" da, eta hala, horren kontra egingo duela iragarri du bart, epaitegietan zein Kirolaren Arbitraje Auzitegian.
FIPVk biltzarra egin zuen larunbatean, Iruñean, eta orduan hartu zuen erabakia. Sei egun eskasen buruan heldu da, horrenbestez, eginbideak abiatzeko iragarpena. Espainiako Federazioaren hitzetan, Espainiako Batzorde Olinpikoaren eta Espainiako Kirol Elkartearen babesa du.
Ohar bidez, Julian Garcia Angulo Espainiako Federazioaren Batzorde Kudeatzailearen presidenteak salatu du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak biltzar hura egiteko baliatutako prozedura "irregularra eta iluna" izan zela, "baliogabea, zuzenbide alorretik".
Federazioaren arabera, "Espainia modu irregularrean kaleratu zuten, Anguloren kontrako presazko zigorrak ezarrita. Espainiak uste du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak (FIPV) araudia urratu zuela eta argi utzi, Espainia bertan egon izan balitz, Euskadiko selekzioa ez zutela horren erraz onartuko.
Gogora ekarri behar da Garcia Angulori zigorra ezarri ziotela Arabiako herrialdeen kontra "sare sozialetan adierazpen desegokiak" egiteagatik, eta horrenbestez, ezin zuela botorik eman Nazioarteko Federazioaren biltzarrean.
"Espainiako kirol munduak aho batez babesten du auzia. Urtarrilaren 2an Espainiako Batzorde Olinpikoan egindako bileran, Alejandro Blanco Batzordeko presidenteak eta Vicente Martinez Espainiako Kirol Elkartearen idazkari nagusiak erabateko babesa eman zioten auzitara jotzeko erabakiari", erantsi du.
Espainiako Pilota Federazioak espero du Kirol Kontseilu Gorenak "zuhurtziaz" jokatuko duela, eta ez duela biltzar hartan hartutako erabakia berretsiko. "Espainiako kirolaren interesen defentsan jardungo dugu, eta auzia honako printzipioen arabera konponduko delakoan gaude: justizia, legezkotasun, nazioarteko araudiarekiko errespetu eta espiritu olinpikoa".
EITB Mediari gaur egindako adierazpenetan, Garcia Angulok zehaztu du astelehenean salaketa aurkeztu zutela Kirol Kontseilu Gorenean larunbateko biltzarrean Nazioarteko Federazioak egindako "irregulartasun oso larrien" kontura, eta batzar hartan hartutako erabakia baliogabetzea eskatu dutela. Batzorde Kudeatzaileko presidenteak azpimarratu duenez, Espainiak ez du "Euskadiko Federazioa Nazioartekoan sartzearen kontra egingo, hori lortzeko erabili diren bideen kontra baizik". Garcia Anguloren esanetan, "tranparik gabe lortutako aitortza balitz, ez genuke arazorik izango".
Euskadiko Federazioa: "Kirol Kontseilu Gorenak erabakia berretsi baino ezin du egin"
Gotzon Enbil Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak Radio Euskadin adierazi duenez, "gauzak ondo egin dira" eta Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren erabakiak "estatutuen puntu guztiak errespetatu zituen". Hori horrela, uste du Kirol Kontseilu Gorenak ez duela zeresanik, eta ebazpena "berretsi baino" ezin duela egin.
Enbilen iritzian, Diputatuen Kongresuak duela bi urte onartutako Kirolaren Legeak ofizialtasunaren bidea zabaldu ziola Euskadiko Pilota Federazioari. Gainera, azaldu du zigor espedienteak Garcia Angulori bakarrik eragiten ziola, eta "Espainiako Federazioko beste edozein kidek" bozka zezakeela bere ordez. "Angulo Federazioaren langile batekin joan zen biltzarrera, bere iloba, eta zuzendaritzako kide ez denez, ezin zuen bozkatu. Uste dut Federazioaren akatsa izan zela".
FIPV: "Espainiak ez zuen debekatuta boto ematea"
Argudio berberak erabili ditu, honek ere Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Xabier Casabon Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren presidenteak ere. Argitu duenez, Espainiako Federazioak bazeukan boto eskubidea biltzarrean, ez, ordea, Garcia Angulok. "Federazioaren Batzorde Kudeatzailearen beste bi kidek bazuten bozkatzeko eskubidea", hortaz, "Espainiak ez zuen debekatuta".
"Dena estatutuen arabera egin da", azpimarratu du. Era berean, gogorarazi du erabakia "legearen baitan" dagoela, zehazki, Kirolaren Lege berriaren 48. artikuluaren araberakoa dela.