Politika -
Urte amaierako mezua
2025ean "burujabetzan sakontzeko" deia egin Otxandianok
EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen buruaren ustez, urte berria "inflexio puntua" izan behar da "gizarte berdinzaleago baten eraikuntzan aurrera egiteko".
EITB Media
Pello Otxandiano EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen buruak 2025ean "burujabetzan sakontzeko" deia egin du gaur, asteartearekin, haren ustez, "aukerak eta baldintzak" baitaude, "nazio aitortzan eta politika postneoliberaletan oinarrituta, herri proiektu bat eta gehiengo zabal bat osatzeko".
Otxandianok sare sozialetan zabaldu duen mezu batean adierazi duenez, "2024ak aurrekaririk gabeko gehiengo abertzale eta aurrerakoia uzten digu Euskal Herriaren zati honetan", Euskal Autonomia Erkidegoan, "sutan dagoen mundu batekin batera".
Horrez gain, erantsi du 2025ak "une erabakigarri batean" jarriko gaituela: "Aurrez aurre ditugu internazional erreakzionarioa, klima larrialdiaren ondorioak zein urteetako politika neoliberalek sortutako kalte sozial eta ekonomikoak".
Bukatzeko, Otxandianok deia egin du "2025a burujabetzan sakondu eta gizarte berdinzaleago baten eraikuntzan aurrera egiteko" baliatzeko, eta urte berri ona opa du.