Politika -

Donostia

Eneko Goiak eraldaketa "oso agerikoak" aurreikusi ditu 2025erako Donostian

Donostiako alkateak adierazi duenez, "2025 urte erabakigarria izango da Donostiaren etorkizuna definituko duten proiektuak gauzatzeko", eta zenbait arlo nabarmendu ditu, besteak beste, garraioa, jasangarritasuna, etxebizitza eta garapen teknologikoa.

Eneko Goia, Donostiako alkatea. EITB.
Eneko Goia, Donostiako alkatea. EITB.
Eneko Goia, Donostiako alkatea. EITB.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"2025ean, hiriak biziko dituen eraldaketa asko agerikoak izango dira". Hala ziurtatu du Eneko Goia Donostiako alkateak astelehen honetan, urteko Udal Gobernuaren azken kontseiluaren ostean, "etorkizunera begiratzeko eta 2025ean hiriak izango dituen erronka eta aukera nagusiak zein diren adierazteko" egindako prentsaurrekoan.

"Hurrengo urteetan ikusiko dugun hiriak garraio publiko gehiago, garbiagoa eta iraunkorragoa izango du, etxebizitza irisgarriak eraikitzea bultzatuko du, zientziaren eta ezagutzaren hiri gisa duen apustua indartuko du kalitatezko enplegua sortuko duten proiektu traktoreekin, eta Anoetako kirol-instalazioak berrituko ditu", adierazi du Donostiako alkateak.

Herritarrek ikusi ahal izango dituzten aldaketen artean, Goiak "azken fasean" sartuko den  Euskotrenen "topoa"ren trenbide-pasabidea dago, eta "hiriaren konektibitatea eraldatuko" duela agindu du. Era berean, azpimarratu du Emisio Baxuen Gunea ezartzea "kutsadura murrizteko eta airearen kalitatea hobetzeko urrats erabakigarria" izango dela eta Dbusen 17. linearen elektrifikazio osoa ere aipatu du, zero emisioko autobusekin eta karga-azpiegitura berriarekin.

I+G+B arloan, Ibaetan ordenagailu kuantikoa martxan jarriko dela nabarmendu du, "mundu mailako azpiegitura, Donostia zientziaren eta berrikuntzaren erreferente bilakatuko duena", eta azaldu duenez, Miramonen Gipuzkoako zientzia eta teknologia parkea zabalduko da, "talentua erakartzeko eta ikerketa sustatzeko espazio berriak" izango dituena.

Osasunaren eta gizarte-zerbitzuen arloan, azpiegitura berriak martxan jartzea aurreikusten da, hala nola protonterapia-eraikina, Donostiako Ospitaleko lehen mailako arretako eraikin berria (datorren urtean eraikitzea aurreikusten da) eta Txominenea-Loiola osasun-zentroa. Halaber, adierazi du 2025ean Villa Salia eguneko zentroa irekiko dela, egoera ahulean dauden pertsonak hartzeko.

"Lehentasunezko" gaia den etxebizitzaren arloan, Txomineneako II. Fasearen garapenari eta Infernuko eta Illarrako obrei ekingo zaiela nabarmendu du, eta erdiak "etxebizitza babestuak edo alokairu sozialekoak" izango direla azpimarratu. 

Kulturari eta Kirolari dagokienez, Goia Illunbeko Erabilera Anitzeko Pabiloia birmoldatzeko proiektuaz aritu da, baita Anoetako Miniestadioa berritzeaz eta kirol- eta kultura-guneak sortzeaz ere. Gainera, bost urteren buruan, Donostia Munduko Futbol Txapelketaren Azken Fasearen egoitza izango dela gogorarazi du, "hiri global gisa dugun gaitasuna frogatzeko erronka ekarriko diguna".

Era berean, "proiektu estrategikoak" nabarmendu ditu, hala nola "Txomineneako espetxea Zubietara eramatea (urtearen lehen erdialderako aurreikusten da), Egian Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren polizia-etxe bateratua egiteko proiektuaren idazketa, eta Haizearen Orrazia enblematikoa osorik birgaitzea".

Gainera, "tasa turistikoa onartzea" espero du, "Udalari kudeaketa turistikorako baliabide gehiago emateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia Gipuzkoa Eneko Goia Eguneko albisteak Albisteak Garraio publikoa Etxebizitza